Hitzekin jolasean ondutako lanen sari banaketa
Gaur arratsaldean Hondarribiko Itsas Etxean banatu dituzte Bordari eta Satarka lehiaketaren 39. edizioko sariak. Hitz polit eta esker onekoz betetako ekitaldia izan da.
Euskal Azokaren bigarren egunean banatu dituzte Bordari eta Satarka lehiaketako sariak. Itsas Etxean egin dute hitzordua antolatzaileek, epaileek eta saridunek. Baita ikusminez gerturatu diren zenbait herritarek ere, aurten nabarmendu diren lan horien xehetasunak ezagutu nahian.
“Hitzak erabiliz lortu dituzte sariak gaurko protagonistek, hitzekin jolasean” esanez hasi du ekitaldia Arantxa Urretabizkaia idazleak. Esperientziatik eta pasiotik hitz egin du donostiarrak. Ondo baitaki berak zer den hitzekin jolastea. “Zer behar da idazle izateko?” bota du galdera. Asko luzatu gabe sekretua oparitu die bertaratu direnei: “Zuk motorrak konpondu nahi badituzu mekanika pixka bat ikasi behar duzu, baina horrekin batera eskuak motor askoren barruan sartu behar dituzu. Bada, norbaitek idazle izan nahi badu idatzi eta irakurri egin behar du, iturri askotatik. Ondo idazten ikasi nahi duenak, asko irakurtzeaz aparte zirriborro asko idatzi behar ditu: idatzi, konpondu, bota… Berridazten ikasi behar du lehenik. Baina idatzitako horrek ez du bere helburua beteko azken pausoa ematen ez badu: irakurlearengana heltzen ez bada”.
Hari berari tiraka epaimahaikideek ere iritzi bera partekatu dute. Gaurko saridunen lanak epaimahaikoengana zuzen-zuzenean iritsi zitzaizkiela baieztatu dute eta argitaratzen direnean, gainerako irakurleengana ere heltzea desiratu dute.
Pello Otxotekok, Ainara Elizondok, Mikel Arruabarrenak eta Aritz Galarragak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta lehen hiruak izan dira bertan.
Aurtengo edizioan 25 lan aurkeztu dira guztira: Bordari ipuin lehiaketan 11 eta 14 Satarka olerki lehiaketan. Horien artean aukeraketa egitea lan zaila izan dela ziurtatu du Otxotekok. Urtetik urtera, gainera, lanen kalitatea hobetzen ari dela esan, eta horretan jarraitzera animatu ditu herritarrak.
Satarka saria
Satarka lehiaketako Hondarribia saria Ainhoa Aranburu Puentek irabazi du, Kukuaren kantorea lanarekin. “Lan txukuna . Kanta baten egitura izan dezaketen estrofak, erritmo biziko poemak dira, eta egileak tarteka musika aurkezten saiatzen da. Eufoniaz betetako bertso lerroak eta lirika jostaria du lan honek. Poesia klasikoaren aiurria duena, baina gaurkotasunaren berezitasunak saihesten ez dituena. Originala eta dotorea”.
Bigarren saria Amaia Trejo Aldekoak eskuratu du, Beti iraganez doalako poemarekin. “Puri puria eta gaur gaurkoak diren kezkei erantzuten dion lana. Eta aldi berean, betikoak diren gaiak, lerro hauetara, modu txukunez ekarriak. Poesia lasaia eta neurritsua bezain txukuna. Sentipen hotzen bidez emozioa sorraraztea lortzen dituzten olerki bereziak”.
Eta lehen sariaren irabazlea Rakel Pardo Perez izan da, Deiadarraren Antologia Bat lanarekin. “Barne oihu hauskorra bailitzan, hausnarketara eramaten gaituen lana da. Galderak planteatzearen teknikaz estetika berezia lortzen du. Pentsamenduak kitzikatuz irudiak eta hizkuntz dotoreak erabiliz poesiaren olatuetan murgilduz. Sen poetikoaren lurrina lerro hauetan islatzen da. Lan eder bezain erakargarria gauzatzea lortu duelarik”.
Bordari saria
Bordari ipuin lehiaketaren bigarren saria Oscar Azkona Garciaren Jon Alderrai lanak jaso du. “Misterioz jositako historia dugu hau. Herrixkako biztanleen eta protagonistaren arteko elkarrekintza hizkera zinez aberatsean ehuntzen dituen lana. Orainaldia eta oroitzapenak nahastuz egileak era bikainean eraikitzen du irakurleak hasieratik bukaeraraino harrapatuko duen unibertso lausoa”.
Azkenik, Bordari ataleko lehen saria Imanol Sorondo Baltasarren Garbitzailea lanari eman diote. “Norbegian kokatua. Garbiketa egitea erraza baita Norbegian, egilearen iritziz. Bidea hasita bukaeraraino irakurri behar den istorioa. Itxuraz trinkoa baina esaldi laburrez eraikia. Zenbaitetan zinematografikoa edo fotografikoa. Errepikapenen bidez irakurlea erne mantendu eta pentsaraztera behartzen duena”.
Esker hitzak
Epaimahaikideen balorazioa entzun ondoren banan banan igo dira saridunak oholtzara eta Garoa Lekuonak, Ander Ribesek eta Igor Enparanek banatu dizkiete sariak.
Hunkituta hartu du hitza Ainhoa Aranburuk. Saria jasotzeak ilusio berezia egin diola onartu du eta haren aita zena ekarri du gogora. Haren aita, Xabier Aranburu kazetari hondarribiarra, urteetan Satarka lehiaketako epaimahaikide izen zen. Umea zela haren aita hainbat karpeta besapean zituelarik etxeratzen zela kontatu du Aranburuk eta anai-arrebek lan horiek ukitu ezin zituztela bazekiten arren, horiek poesia ezkutatzen zituztela bazekiela azaldu du emozioz.
Aita hil eta gutxira lehiaketa bertan behera geratu zen arren, gaur egun martxan eta biziberrituta dagoela ikusirik zorionak eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei. Saria aitari eskaini dio, baita “egiten eta eragiten” ibiltzen diren guztiei ere. Baina ez du hitzartzea amari eskertu gabe bukatu nahi izan: “Aitak hainbesteko lana egin zuen atzean ama zegoelako”.
Amaia Trejok antolakuntzari eta epaimahaikideei eskerrak ematen hasi du haren txanda, “sormenerako aukera emateagatik”. Eta asko luzatu gabe saritua izan den poemaren zati bat irakurri du.
Ondoren, Oscar Azkonak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkio Hondarribiko Udalari hainbeste urtez lehiaketa antolatzeagatik. Lehiaketa, gainera, idazteko zaletasuna dutenentzako “oso lagungarria” dela adierazi du, “haitzakia ematen baitigu idazteko”. Eta beste urte askoz antolatzen jarraitzeko gonbita egin die udalbatzako kideei. Segidan, bigarren saritua izan den ipuinaren zatitxo bat irakurri du.
Bordari saria irabazi duen Imanol Sorondok ere eskerrak eman dizkie antolatzaileei lehiaketa bizirik mantentzeagatik, eta hasieran Arantxa Uretabizkaiak aipatutako ideiari kontra egin dio irribarre batekin, haren kasuan ez baitu jendeak irakurri dezan idazten. Ipuina Norbegiara egindako bidai batean oinarritu dela kontatu du, eta han bizitako pasadizoak eta kontrasteak izan dituela inspirazio iturri.