Egile aitortzari aurrea hartzen, Inauterietako kartel lehiaketan
Iazko kartel irabazlea adimen artifizialarekin osorik egin izana salatu ondoren, horri aurre egitea erabaki dute lehiaketaren oinarrietan.
Akatsetatik ikasten denaren jakintza zabalduta dago eta hala izan da Irungo Udalarentzat 2025eko Inauterietako kartel lehiaketaren oinarriak idazterakoan. Izan ere, iaz, adimen artifizialaren bidez guztiz egindako kartela izan zen garaile eta eztabaida piztu zen jabetza intelektualari buruz.
Aurtengo lehiaketaren oinarrietan zehaztu dute lanek “egilearen jatorrikoak” izan beharko dutela. Adimen artifizialaren bidez osorik edo bakarrik sortutako lanek ez dira egilearen jatorrizkotzat joko. Bide horretan, egileak, erabiliko dituen irudi eta elementu guztien jabetza intelektual eskubideen jabe izan beharko du, edota erabilera libreko baliabideak izan beharko dira. Halaber, lanek ez dute aurretik beste lehiaketa batean argitaratuak edo sarituak izan beharko.
Lehiaketa hau hilaren 26tik 2025eko urtarrilaren 12ra arte egongo da martxan, eta edozeinen ahalko du obra bakarra aurkeztu. Sari nagusia 600 eurokoa izango da eta 200 euroko akzesit bat ere banatuko dute. Epaimahaia Irungo Inauterietan parte hartzen duten konpartsako ordezkari banak osatuko dute.
Behin irabazlea iragarrita, erakusketan jarriko dira Amaia KZn. Aurreratu dute epaimahaiak eskumena izango duela –bere iritziz eta leku arrazoiagatik– zeintzuk erakutsiko diren erabakitzekoa. Erakusketa hau 2025eko otsailaren 18tik martxoaren 4ra arte egongo da zabalik, Amaia KZren ordutegiaren barruan.