Irunen kontsumitzea bultzatzeko kanpaina berria
Parte hartzen duten bezeroen artean 40 bonu zozkatuko dira. Kanpaina hau datorren urtean aktibatuko da, baina saltokiek orain eman behar dute izena.
Irungo komertzioetan erostea bultzatzeko xedearekin, Irungo Udalak kanpaina berri bat jarriko du martxan 2025eko otsailaren 1ean, eta martxoaren 1era arte egongo da martxan. Bermearekin kontsumitu. Irunen erosi leloa jarri diote.
Beraz, otsailaren 1etik martxoaren 1era artean, kanpainari atxiki diren dendetan formulario batzuk egongo dira eskuragarri, eta horietan kontsumitzaileen eskubide eta betebeharren bueltako galderak egongo dira.
Bezeroek horiek erantzun beharko dituzte eta zozketa batean sartuko dira. Martxoaren 6an egingo da parte hartzaileen arteko zozketa eta 40 irabazle hautatuko dituzte. Saria, 60 eta 30 euroko erosketak egiteko bonuak izango dira.
Kanpainarekin bat egiten duten saltokiei kit bat emango diete: sustapenari buruzko erakusleihotarako kartel bat; formularioak; eta urna bat. Kanpaina honekin bat egiteko momentua da oraingoa eta horretarako udalaren egoitza elektronikora jo behar da.