Hondakin organikoen ontziak berrituko ditu Txinzerrek
Bi herrietako 325 edukiontzi berritzen ari dira Irun eta Hondarribian. Erabiltzaileek orain arteko txartel berdina erabili beharko dute eta funtzionamendua ez da aldatu.
Irun eta Hondarribian dauden hondakin organikoen 325 edukiontziak berrituko ditu Txinzerrek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta Europako Batasunak Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan emandako 217.350 euroko diru laguntza baliatu dute.
Modu mailakatuan ari dira egiten berritze hauek, poliki-poliki, eta gaur edukiontzi berrietako bat bisitatzeko agerraldia egin dute Cristina Laborda eta Igor Enparan alkateek, Irungo Uztapide Bertsolariaren plazan. Labordak bertan azaldu du berrikuntza honen proposamena Alkatea Auzoetan ekimenaren bidez jaso zutela.
Jarraian, hondakin hauen gaineko hainbat xehetasun berri eman dituzte. Herritarrek nabarituko dituzten berritasun nagusien artean, oinarekin ere ontzia ireki ahalko dela dago; orain artean, eskulekuarekin soilik ireki zitekeen.
Bestalde, edukiontziak baxuagoak dira, zarata gutxiago egiten dute irekitzerakoan, material ez metalikoekin eginak daude eta mantentze kostuak gutxituko dira. Halaber, sistema berri honekin informazioa “ia denbora errealean” jasoko dute, egun 24 orduz behin eguneratzen baita.
Edukiontzi berri hauek erabiltzeko, herritarrek ez dute txartela aldatu beharko eta orain erabiltzen duten berdinarekin segitu beharko dute. Izan ere, Leire Zubitur Txinzerreko gerentearen arabera, asmoa “aldaketa hau herritarrentzat ahalik eta errazena izatea da”. Beraz, hondarribiarren Txinzerreko txartelarekin jarraituko dute eta irundarrek Irun txartelarekin.
Hiru urrats jarraitu behar dira edukiontzia ireki ahal izateko. Lehenik txartela irakurgailura hurbildu behar da eta argi berdea pizteari itxoin. Bigarrenik, ontzia irekitzeko baimenari itxoin behar da; oso altu entzuten ez den soinu batek iragarriko du hori. Azkenik, tapa altxa eta hondakinak bota beharko dira.
Bestalde, 2025ean hondakin organikorako poltsak jasotzeko hiru makina berri instalatuko dituztela aurreratu dute. Horietako bi, Irunen; eta bestea Hondarribian. Kokalekuak oraindik ez dituzte erabaki, baina Irunen kasuan periferiako bi auzotan izango dela ziurrenik adierazi dute. Aurrerago emango dituzte honi buruzko xehetasun guztiak. Gainera, edukiontziak mugikorraren bidez irekitzeko sistema bat lantzen ari dira ere.
Gaur aurkeztutako berrikuntzen garrantzia nabarmendu du Labordak eta zerbitzua berritzearekin hondakinen kudeaketa “eraginkorrago batera hurbiltzen” ari direla baieztatu du. Herritarrengan “eragin positiboa” izango duela ziur da Irungo alkatea.
Enparanen arabera, proiektu honek “ingurumenaren zaintzarekiko eta gure herritarren ongizatearekiko” duten konpromisoa berretsi du. “Edukiontziak modernizatzea ez da soilik hobekuntza estetikoa edo funtzionala; jasangarritasun eredu baterantz aurrera egitea da, eta guztiok gara parte horretan”.