Euskaraz bizitzeko "benetako politika ausartak" eskatu ditu EH Bilduk
Gabonetako argien pizte ekitaldian euskara "mespretxatu" zela adierazi du koalizio subiranistak, eta oro har, udalaren ekitaldietan euskararen presentzia "mugatua" dela salatu dute.
Eguberrietako argien pizte ekitaldian udalak euskarari “mespretxua” egin izana salatu du Irungo EH Bilduk eta horren adierazletzat jo du Irungo 35 elkartek egindako salaketa. “Euskalgintzako eragileek, auzo elkarteek, guraso elkarteek eta beste hainbatek bat egin dute euskarak Gabonetako argien pizte ekitaldian jaso duen eraso berria salatzean”.
Udalak antolatzen dituen ekitaldietan euskararen presentzia “mugatua” dela deitoratu du koalizio subiranistak eta ez dela berria gaineratu. Kezkagarritzat jo dute pasa den asteko ekitaldi honetan– azken hilabetetan haurrentzako antolatu den handienetako batean– euskarazko hitzik ez entzun izana.
Euskararen Egunaren harira, udalean deklarazioak, mozioak eta bestelakoak onartu badituzte ere, horiek ez direla aplikatzen deitoratu du EH Bilduk. Argien pizte ekitaldian gertatutako gisakoak udalaren hizkuntzaren normalizazio planaren kontra doala salatu dute, “eta, beraz, hainbeste asmo onen artean euskararekiko sentsibilizazio eza baino ez dugu ikusten”.
Gogoratu dute euskara guztiena dela eta Irunen ere euskaraz bizitzeko nahia berretsi dute. “Hori bakarrik posible izango da benetako politika ausartak ezartzen badira, eta hor udalaren papera ezinbestekoa da”.
Irungo udal gobernuari euskararen aldeko jokaera garbia erakusteko eskatu diote abertzaleek. Horretarako, euskara lehenestea galdegin diote, “benetako Irun euskaldun baten alde” egiteko. “Irundarrok euskara eta euskal kultura baztertu beharrean, hau zaindu eta bultzatzen duen udal gobernu bat merezi dugu”, bukatu dute.