Lokal bat birjabetu du Irunen Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak
Eguzkitza kaleko lokal bat birjabetu dute eta gaur xehetasun gehiago emango dituzte. Gaztetxea lortzeko borrokari lotuta dago ekintza hau.
Uztailean gaztetxe baten beharra zutela azaldu zuen Bidasoko Gazte Langileen Asanbladak, San Telmo gazteluaren lorategietan eta ondoren udaletxeko arkupeetan egindako kanpaldiaren bidez. Orain, abenduan, Irungo Eguzkitza kalean lokal bat birjabetu dute asanbladako kideek atzo eta gaur agerraldia egingo dute xehetasun gehiago emateko. Gerturatzeko deia egin dute.
Gaztetxea izateko lehen eskaria Hondarribiko Udalari egin zioten iragan uztailean eta honek bat egin zuen beharrarekin. Negoziaketan aritu ziren Abotsanitzen udal gobernuarekin, eta gaztetxe baten beharrari erantzuteko bide orri bat lantzeko konpromisoa adostu zuten, “egun batetik bestera alternatiba edo espazio egoki bat topatzea ezinezkoa delako”. Horretarako bide orri bat findu zuten.
Uztailetik hainbatetan bildu zen asanblada Hondarribiko Udalarekin, baina “gaztetxe baterako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten espazioak soilik eskaini” zizkiola adierazi dute. “Toki horiek ez daude bertara sartzeko moduan, eta ez dira egongo heldu den urtera arte”, zehaztu zuten.