Jostailu Hezitzaile kanpainarekin bat egin du Bidasoa Eskubaloiak
Hilaren 13an (ostirala) Artalekun jokatuko den partidan zehar ahalko dira egin jostailuen dohaintzak.
Gazteen Gurutze Gorriak bultzatzen duen Jostailu Hezitzailea kanpainarekin bat egin du Bidasoa Eskubaloiak. Eguberrietan jostailuak eta mahai jokoak biltzeko kanpaina da eta 0 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteek jolaserako eskubidea bermatuta izatea de xedea. Gurutze Gorriak eskerrak eman dizkio eskubaloi taldeari “inplikazioagatik eta babesagatik”.
Jostailu Hezitzailea proiektu bat da eta Eguberrei begirako kanpaina honen barruan dago. Jolasteko eskubidea bermatzeko helburua izateaz gain, jolasak eta jostailuak hezkuntza tresna gisa erabiltzea sustatu nahi dute; baita eskolako eta familiako testuinguruan balioak transmititzea eta garapen ebolutiboan duten eragina sustatzea ere.
Kanpainarekin bat egiteko eguna hilaren 13a izango da (ostirala) eta Bidasoa eta Recoletas Atletico Valladoliden arteko partidaren aurretik egingo dute bilketa, Artalekun. Partida aurretik, 20:45ean hasiko dira jostailuak biltzen bi gunetan eta bigarren aukera atsedenaldian izango da. Kasu honetan, “pelutxe zaparrada” egingo da eta horretan parte hartzeko etxetik eraman beharko dira pelutxeak.
Dohaintzan eman daitezkeen jostailuak
Jostailu berriak soilik jasoko dituzte, estreinatu behar direnak. Horrez gain, jostailu ez belikoak, ez sexistak eta hezitzaileak izan beharko dute; halaber, errespetua eta lankidetza jarrerak bultzatu beharko dituzte, eta gizarte balioak transmititzea. Horrez gainera, sentsibilitate iraunkorrekoak, eta ingurumenean inpaktu txikiagoa duten materialekin egindakoak dohaintzea bultzatu nahi du Gurutze Gorriak.