"Iraganak ezin du etorkizuneko bizikidetzako oztopo izan"
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren egunean adierazpen bateratua sinatu dute udaleko alderdi guztiek. Bertan, Joseph Couchot ekarri dute gogora.
Gaurko egunez ospatzen da nazioartean Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Duela 76. urte onartu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, eta egun honen harira Hondarribiko Udala osatzen duten alderdi politiko guztiek -Abotsanitzek, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk- adierazpen instituzionala sinatu dute.
Joseph Couchot jaiotzez Angelutarra zena ekarri dute gogora eta haren familiari elkartasuna adierazi diote. 1984ko azaroaren 16an erail zuten Couchot, Irungo Eguzkia taberna-jatetxean, eta gertatutakoak “ez zuela inoiz gertatu behar” adierazi dute irmo.
Alderdi guztiek, giza eskubide guztien azterketa kritikoa egiteaz gain, memoria kolektiboa osatzeko herritar guztien lana ezinbestekoa dela uste dute, “gertatutakoaren egia, aitortza, erreparazioa eta berriz gerta ez dadin baldintzak eraikitzeko”. Zentzu horretan, bizitako injustizia horren aurrean udalak aho bateko elkartasuna eta gizatasuna adierazi, eta bide hori jorratzeko konpromisoa hartu du, “iraganak ezin duelako etorkizuneko bizikidetzarako oztopo izan”.