Euskal Kulturaren bihotza eta arnasgunea
Hondarribiko Udalak bizi berri bat eman dio orain arteko Euskal Disko eta Liburu Azokari, 30. urteurrenean. Izena, irudia eta eskaintza berritu egin dituzte.
Hondarribiko Euskal Liburu eta Disko Azokak hogeita hamar urteko ibilbidea osatu du aurten. Denbora honetan guztian Durangoko Azokaren bueltan antolatu izan da, eta euskal kultura herritarrei gerturatzeko helburua izan du. Hasierako urteetan arrakasta izan zuen arren, urteak pilatuta dituzten zenbait egitasmorekin gertatzen denaren antzera, gainbeherako inertzia batean sartuta zegoela kontatu du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak. «Hasieran azokak plaza guztia hartzen zuen. Azken urteetan gero eta postu gutxiago jartzen ziren, eta, batez ere, salmentetan nabaria zen gainbehera. Jende gutxiago etortzen zen». Hori dela-eta, azokari bultzada bat emateko erronka ezarri zuten euskara sailean eta Udal Gobernu Planean txertatu zuten.
Lehenengo eta behin iruditegia aldatzeari ekin zioten. Urtero Euskadiko Liburu Ganbararekin elkarlanean antolatzen den azoka da, eta orain arte haiek izan dira kartela egitearen arduradun. Aurten, ordea, iruditegi propioa sortzeko pausoa eman du udalak, eta horretarako Haizea Lekuona Legorburu hondarribiarraren laguntza izan dute. «Eskaintza harago eraman nahi izan da: ikuskizunak, kontzertuak… Agenda oso zabala da. Eskaintza zabal hori adierazteko iruditegi deigarri bat eta ulerterraza sortu nahi nuen, publiko berria erakartzeko». Izenaren kaligrafiari dagokionez, tradizioari keinu bat egin nahi ziola kontatu du diseinatzaile grafikoak: «Marka urtero mantendu ahal izateko itxura klasikoagoa mantendu dut. Irudiak, ordea, aldatzen joango dira».
Mosaiko egitura du irudiak, eta bertan, liburuak, lumak, mikrofonoak, musika notak, Arrantzale auzoko arkuak —kokapenari garrantzia emateko—, ikuskizunak adierazteko begi bat eta foku bat, eta eguzkilore bat ikus daitezke, «produktu tipikoagoak direnak egongo direlako ere». Elementu horiek guztiak hiru koloretan irudikatu ditu egileak: gorria, berdea eta zuria. Asmoa urtero hiru kolore horiek aldatzen joatea dela azaldu du, «kontrastea bilatuz, kolore biziagoekin elementuak nabarmentzeko». Prozesuari erreparatuz gero «nahiko erraza» izan dela adierazi du hondarribiarrak. «Kartel oso grafiko eta deigarria ondu dut, publiko berriari ailegatzeko behar horretatik tiraka».
Egitarau zabala
Egitarauari dagokionez, adin guztietako pertsonei zuzenduriko proposamen oparoa prestatu dute, bertakoari eta generoari arreta berezia eskainiz. Euskal kulturgintzan maila altua duten izen potolo ugari izango dira herrian: besteak beste, Itziar Ituño, Urtzi Urkizu, Gotzon Barandiaran edo Olatz Salvadorren presentzia izango du azokak, eta herriko idazleek ere beren txokoa izango dute. Naiara Goikoetxea artistaren eskutik mural bat margotuko dute —Javier Ugarte kalean, BAZ aurrean—, Gorka Bereziartuak —Hondarribian finkaturiko hernaniarrak—, haren azken liburua aurkeztuko du Adur Larrearekin batera, Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira, eta Lupe Calvok Lourdes Ibañez de Gaunari buruz —hondarribiar bati buruz— idatzi duen liburua aurkeztuko du.
Generoari dagokionez, poesiaren munduari eta komikigintzari arreta berezia eskaini diote, eta egunero ikuskizun bana antolatu dute. Ostegunean, adibidez, Manttalengo alaba poesia eta musika uztartzen dituen ikuskizuna izango da ikusgai, eta ostiralean Gotzon Barandiaranen Galbahea poema liburuaren ikuskizuna. Larunbatean, aldiz, liburuen eta diskoen aurkezpenak egingo dituzte, eta adibidez, Xabiroi eta Botere handi batek eleberri grafikoa aurkeztuko dute. Igande goizean haurrentzako espazio bat antolatu dute: familientzako ipuin kontaketa.
Hortaz gain, euskara sailak antolatzen duen Bordari eta Satarka lehiaketei ere tarte bat egin nahi izan diete antolatzaileek. Lehiaketa horiek biziberritzeko indar eta esfortzu handia egin du udalak, eta lan horrek bere fruituak izan ditu. Aurtengo edizioan hogei lan baino gehiago jaso dituzte, eta horien kalitatea ere aipatzekoa izan dela nabarmendu du Garoa Lekuonak. Sari banaketa ostiralean izango da, arratsaldeko 18:30ean, Itsas Etxea Auditoriumean. Aldi berean, urteroko merkatua zabalduko dute Arrantzale auzoko plazatxoan, eta bertan Durangon aurkeztuko diren liburu, disko eta sormen produktu berriak erosteko aukera izango da.
Hori guztia antolatzeko udal mailako hainbat sailen laguntza izateaz egiteaz gain, herriko euskara elkarteren laguntzarekin —Blagan elkartearekin– egitea funtsezkoa zela argi izan zuten hasieratik zinegotziak, eta Koldo Rodriguez zinegotziari ere esker berezia adierazi dio. Elkarlan horren fruitua izan da, adibidez, Zuloaga Etxea Udal Liburutegiarekin antolatu eta azokan aurkeztuko duten euskal irakurketa eta mintzapraktika tailerra. Euskaraz badakitenei, baina irakurtzeko laguntza behar duten horiei bideratutako tailerra izango da. «Liburutegitik egindako eskakizun bat izan da. Mahai gainean jarri zuten badagoela jendea euskaraz badakiena, euskaraz hitz egiten duena, baina irakurtzeko salto hori egiten ez duena». Eskaintza hori liburutegian eskaintzen den euskal literatur tailerraren osagarri izango da.
Hondarribiko Euskal Azoka
Horiek ez dira azokaren aldaketa bakarrak izan, izenari ere buelta bat eman baitiote. Aurrerantzean Hondarribiko Euskal Azoka izango da, azken finean, liburuak eta diskoak biltzen dituen azoka izateaz gain, bestelako produktuei ere espazio bat eskaini nahi izan dietelako. «Hurrengo urteetan ikusiko da zer gehiago eman dezakeen», gehitu du Lekuonak, ilusioz. Durangoko Azokan, adibidez, digitalizazioak espazio bat bereganatu du, eta bideojokoei zuzenduriko eremu bat sortu dute.
Bertakoa Durangokoarekin alderatuz txikiagoa bada ere, izpiritu bera duela ziurtatu du Lekuonak: «Azoka txiki hauek eskuragarriago daude herritar ororentzako eta euskal kulturaren bihotza edo arnasgunea dira». Mimo handiz landutako programazioa da, eta beraz, herritarrek Hondarribiko Udalaren aldetik euskararen eta euskal kulturaren aldeko benetako konpromisoa dagoela sentitzea gustatuko litzaioke, baita herritarrek euskararekiko harrotasuna sentitzea ere. Orain jendearen bultzada besterik ez da falta.