Irungo 35 elkartek salatu dute udalak euskaldunei "ezikusiarena" egitea
Eguberrietako argiak pizteko ekitaldia gaztelania hutsean egin zen eta haserrea eragin du. Irungo Udalari "aski" dela esan diote eta jada ez direla isilik geratuko.
Pasa den hilaren 4an Irungo Eguberrietako argiak pizteko ekitaldia egin zen San Juan plazan eta Irungo 35 elkartek salatu dute hiriko euskaldunei “ezikusiarena” egin izana. Ekitaldia gaztelania hutsean izan zen, Mateo Bergara aurkezletik hasi eta Gisela abeslariak abestutako kantuetaraino. Salatu dute euskara “ikusezin” egon zela.
Haserrea aurreikusi zitekeen, pasa den astelehenean Nekane Barandiaran herritarrak HITZA-ra bidalitako gutunean jaso bezala: “Ulertezina egiten zait gure lurraren benetako erreferenteei ezikusiarena egitea besteren aukeren mesedetan” deitoratu zuen herritarrak.
35 elkarteek gogoratu dute “zoritxarrez” ez dela lehen aldia eta ohituta daudela–”ohituegi”– euskaldunak existituko ez balira bezala tratatzera. Oraingoan, baina, “mingarriagoa” izan dela adierazi dute, “noiz eta Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamunean, non eta bereziki haurrei zuzendutako ekitaldi batean”.
Euskararen Egunaren karietara Irungo Udalak egindako adierazpen instituzionaleko mezua “hitz polit eta potoloz” betetakoa da elkarteentzat eta horiek guztiak “hutsalak” dira, “ekintzaz lagundurik ez badaude”. Gaineratu dute “zurikeria merkea” dela udalak egindakoa eta “aski” dela ozen esan diote. “Salaketa publiko hau egitea erabaki dugu, Irungo Udalari aski dela esateko, eta hemendik aurrera ez garela isilik geratuko jakinarazteko, behingoz, euskaldunoi muzin egiteari utz diezaion”. Hizkuntz eskubideak bermatzea eskatu diote udalari.
Bestalde, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bat egin du salaketarekin eta gertatutakoa “onartezina” dela adierazi du. Bide horretan, salaketa jarri nahi dien herritarrei horretarako bidea zabaldu diete. Orrialde honetara jo behar da.
Irungo EH Bilduk X sarean adierazi du agerian geratu dela “beste behin” Irungo Udalak euskararekiko duen konpromiso eza. Udalak ontzen dituen ekimenetan euskararen gutxieneko zainketa falta dagoela salatu dute eta horrela, euskaldunak “berriro ere” bigarren mailako hiritar sentitu behar direla haien etxean. Lotsagarritzat eta onartezintzat jo dute.
Salaketa publiko hau Irunen aurrekaririk gabekoa da, eta honako elkarte hauek sinatu dute:
Hezkuntzako guraso elkarteak: Txingudi Ikastolako Guraso Elkartea; Toki Alai-Siutz ikastetxeko Alaikiro Guraso Elkartea; Elatzeta ikastetxeko Guraso Elkartea; Dunboa eskolako Guraso Elkartea; Hirubide BHIko Guraso Elkartea; Eguzkitza ikastetxeko Guraso Elkartea; Leka Enea eskolako Zabaldu Guraso Elkartea.
Euskal kultur taldeak: Bidasoko AEK; Betti Gotti Euskal Kultur Elkartea; Irungo Euskal Jira; Txorimaloak Soinu Taldea; Aitzondo Euskara Elkartea; Auntxa Trikitixa Eskola; Kemen Dantza Taldea; Irunabar; Bidasoako EKT; Burrunba Elektrotxaranga.
Gizarte eragileak: Parean berdintasun elkartea; Bor-bor hausnarketa kolektiboa; Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkartea; BDSKoop eraldaketa fabrika; Antxeta Irratia irrati-elkartea.
Auzo elkarteak: Larreaundi-Olaberria Auzo Elkartea; Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartea; Erdiguneko Auzo Elkartea; Landetxa-Katea Auzo Elkartea; Arbesko Errotan Auzo Elkartea; Meaka-Ibarla Auzo Elkartea; San Migel Auzo Elkartea; Uztarriona Urdanibia Berriko Auzo Elkartea; Arbes Auzo Elkartea.
Kirol elkarteak: Atxiki Pilota Eskola; Lur Alai Squash Kluba; Txingudi Errugbi taldea; Erlaitz Mendi Elkartea.