Irungo Euskalgintza: "Harro gaude; ez konforme"
Plazara jalgi dira irundarrak "larrialdi linguistikotik indarraldira" jauzi egiteko neurriak eskatzeko. Urtarriletik aurrera mobilizatzen eta elkartzen jarraituko dutela aurreratu du Irungo Euskalgintzak.
Euskararen Egunean ez dute ezer izan ospatzeko Irunen. Euskararen eta irundarren kontrako oldarraldia salatzeko irten ziren atzo San Juan plazan herritarrak eta urriaren 29an bezala, erantzun handia izan du deialdiak.
Aldarrikapenak atzoko elkarretaratzera ez dela mugatuko aurreratu dute eta urtarriletik aurrera Irunen hitzaldiak eta mobilizazioak egingo dira, oldarraldiaren kontra. “Larrialditik indarraldira! Aitzina beti euskalduna!”.
Euskararenak dira urte osoko egun guztiak eta atzokoa “ospatzeko eguna? harrotzeko eguna? egun arrunta? salatzeko eguna?” den galdetu dute. “Ziur aski denak balekoak dira. Litekeena da bakar bat ere nahikoa ez izatea” deitoratu dute.
Pertsona bakoitzak modu batean ulertzen duen eguna dela ulertuta, euskaraz bizitzeko “eskubide, nahi eta desioak”, eta euskarak berak batzen dituela euskaldunak hobetsi dute. Baso bereko zuhaitz asko dira euskaldunak eta denek basoa osatzen dute, “denok gure izaera, itxura, pentsamolde eta guzti”.
Denek euskaraz hartzen dutela arnas adierazi dute, ekosistema koloredun eta aberatsa osatuz. “Ezberdintasun horiek guztiek egin gaituzte indartsu. Oraindik ere zuhaitz eta landare gehiago behar ditu eta nahi ditugu gure basoan” aldarrikatu dute. Horretarako, hamaika hazi mota dituztela azaldu dute.
Horiek zerrendatu dituzte: hizkuntzaren auzia problema bilakatzea, gatazka agerian uzteko; erabilera handitzeko ekimenak galdegingo dituzte; euskal kultura sustatuko dute, euskal nortasuna indartzeko; hezkuntzan “benetan ardatz” izango den eredu eleaniztuna bultzatuko dute; helduen euskalduntzea gakoa izango da; herriari dei dena egitera egingo diote, instituzioak at utzita; lidergoa, baina, instituzioei hartzeko eskatuko diote; eta elkarlana, ezinbestekoa.
Norberak bere aletxoa jartzeko egin dute dei, baina “elkarrekin” eta helburua argi izanda. “Dena da posible, dena dugu egiteko” diote itxaropentsu. Larrialdi linguistikotik ateratzeko makina bat “bide eta modu” daude, “euskaratik eta elkarrekin”. Euskararen eta euskal hiztunen haziak ereiten segitzeko eskatu dute, “euskaraz arnastuko duen baso ezin ederragotik, ezin koloretsuagotik lasai ibili arte”.