'Martetik Martera' erakusketa zabaldu dute Oiasso Museoan
Antzinako mitologiaren, aurkikuntza astronomikoen eta esplorazio modernoen arteko harremana azalerazten duen erakusketa da. Ikusgai izango da martxoaren 30era arte.
Oiasso Museoak Martetik Martera aldi baterako erakusketa zabaldu du. Marte gerraren jainko erromatarraren eta Marte eguzki sistemako planeta gorriaren bitartez antzinako mitologiaren, aurkikuntza astronomikoen eta esplorazio modernoen arteko harremanak azalerazteko helburua duen erakusketa da.
Astronomia gaien eta Marte jainkoaren inguruko piezak biltzen ditu, eta adibidez, Partenoiko Panateneen frisoko 28, 29 eta 30 irudien molde lan original bat ikusi ahal izango da -originala Britainiar Museoan dago-.
Erakusketak San Telmo Museoaren, Bilboko Berreginen Museoaren, Gordailuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du. Hilaren 5etik martxoaren 30era arte izango da ikusgai eta aldi baterako erakusketa oso bezala sarrera doakoa da. Ordutegia honakoa: Astelehenenetik igandera 10:00etatik 14:00etara. Ostiral eta larunbatetan gainera, arratsaldez ere zabalik izango da, 16:00etatik 19:00etara.
Gainera, hilaren 7an eguerdiko 12:00etan Marter Galarzak Jolastu nahi? haurrei zuzenduriko antzezlana antzeztuko du museoan bertan. Aizpea Goenagak idatzi eta zuzendutako pieza da. Oiassoko haurrek zertan jolasten zuten azaltzen duen obra da. Gonbidapenak eskuragarri daude museoaren harreran.