Eguberrietako kontzertu tradizionalak ez du hutsik egingo
Hilaren 15ean izango da kontzertua Amaia Kultur Zentroan, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak salgai daude.
Irungo Udalak eta Rotary Klubak Eguberrietako kontzertua antolatu dute urtero lez. Atzo goizean aurkeztu zuten kontzertu solidarioa, eta iragarri dutenez sarrerekin eskuratzen duten diru guztia Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak jasoko du aurten, egunerokotasun zaila duten pentsiodunei informazioa eta baliabideak errazteko egiten duten lanarengatik.
Eguberriak “urteko sasoi berezia” direla adierazi zuen Nuria Alzaga zinegotziak, eta gisa honetako kontzertuek “elkartasunez betetako hiria dela” erakusten duela ziurtatu zuen. Rotary Klubari eta Ametsa Abesbatzari eskerrak eman zizkien ondoren.
Egitarauari dagokionez, lehen zatian Giacomo Pucciniren hurrengo kantuak abestuko dituzte: Salve Regina (sopranoa eta organoa), Crisantemi (hari-orkestra), La Bohème, Musettaren aria (Quando m’en vo’), Edgar, Franken aria (Questo amor, vergogna mia), Gianni Schicchi eta Laurettaren aria (O mio babbino caro).
Bigarren zatian Gabriel Fauréren Cantique de Jean Racine, (orkestra eta abesbatza) eta Requiem (orkestra, organoa, abesbatza eta bakarlariak) abestuko dituzte. Zuzendaria Fernando Etxepare izango da.
Hilaren 15ean arratsaldeko 19:00etan izango da kontzertua, Amaia Kultur Zentroan. Sarrerak salgai daude 18 euroan. Luis Marianoko turismo bulegoan, udal webgunean edo kontzertuaren egunean Amaia KZko lehiatilan eskuratu daitezke.