"Esperimentazioa da Hegoa Diskak zigiluaren haria"
Hegoa Diskak musika zigilua sortu zuen duela lau urte irundarrak. Londresen du egoitza zigiluak, eta euskal musika esperimentalaren habi berri bat da. Biniloak biltzeko Londresko afiziotik ohartu zen Erresuma Batutik bultza zezakeela musikaren esperimentazioa.
Musikak eta irratiak beti izan dute harreman estua. Mikel Acosta irundarrak hamar bat urte daramatza Londresen bizitzen; ofizioz NTS irratian aritzen da produkzio lanetan, eta binilo bildumazaletzat ere jo daiteke irundarra. Orain lau urte, Hegoa Diskak zigiluari ekin zion. Acostaren proiektu propioa da, eta euskal musika esperimentala bultzatzea du helburu. Zigiluaren pean argitaratzen diren euskal musikarien lanak Erresuma Batuan eta Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere eros daitezke. Hamabi lan kaleratu dituzte.
Zerk bultzatu zintuen zigilua sortzera?
Beti izan naiz biniloak biltzearen zalea eta Londresen jende asko ezagutu dut kultura horren inguruan, diskoak trukatzen-eta. Gero, DJak ere ezagutu ditut biniloekin aritzen direnak. Ez dakit noiz gertatu zen, baina bat-batean euskal musikaren inguruan zebiltzan baina euskaldunak ez ziren pertsona batzuk ezagutu nituen. Euskal musika gustuko zuten, eta aurkitu zituzten hainbat disko. Orduan, euskal musikarien diskoak bilatzen hasi nintzen eta 1970eko hamarkadako rock progresiboko diskoak aurkitu nituen, ezagutzen ez nituenak. Punk musika entzuten hazi naiz, Euskal Herrian, baina disko zaharrak ez nituen ezagutzen. Londresen ezagutu nuen musika hori. Baziren disko batzuk ezin nituela lortu, eta horiek aurkitu nahi nituen berriro argitaratzeko
Zein da zure ardura zigiluaren barruan?
Hegoa Diskak nire proiektua da. Orain dela lau urte hasi nintzen eta dena egiten dut nire kabuz Londresetik: produkzioa, artistak bilatu, promozioa, diskoen salmenta, diskoen distribuzioa… Lanen masterizazioa ere egiten dut, azkeneko prozesua. Masterizazioa diskoak edozein plataforma edo euskarritan soinua berdin eta modu uniformean entzuteko lana da.
Anjel Katarainen bilduma bat izan zen argitaratu zenuen lehen lana.
Karlos Osinaga Txap soinu teknikari irundarrarekin Moskun hitz egin, eta berak ezagutarazi zidan Anjel Katarainen musika. Entzun nuenean oso argi ikusi nuen proiektu hori eta beste batzuk ezagutu nahi nituela. Aldi berean, horiek Erresuma Batuan argitaratu nahi nituela ere argi ikusi nuen; banekien hemen jendeak musika horren gainean interesa edukiko zuela. Horrela hasi nintzen, eta lau urte pasa dira.
Behin lehen lana publikatuta, nola joan zen zabalkundea?
Lehenengo publikazioaren harrera oso ona izan zen, kristorena, bai Euskal Herrian baita Erresuma Batuan ere. Diskoa irratian jarri nuen, eta beste batzuek haien blogetan ere zabaldu zuten. Poliki-poliki zurrumurruak bezala zabaltzen joan zen, adibidez, Berria-n. Aldizkari pare batean eta irratian ere idatzi zuten lanari buruz. Lehenengo diskoa arrakastatsua izan zela esan daiteke. Horrek eman zidan disko gehiago egiten jarraitzeko bultzada.
Zein da musika generoei begira jarraitzen duzun haria?
Musika esperimentala lantzen dudala esango nuke. Hori izan daiteke edozer: musika elektronikoa, folka edota jazz musika. Horregatik zigiluan badaude artista helduak, orain dela urte asko musika egin zutenak, eta musika hori kaleratu ez zutenak. Akaso arraro bezala ikusiko zuten musika hori. 1980ko hamarkadaz ari naiz, Alberto Lizarralde edota Anjel Katarainez, adibidez.
Bestetik, musika garaikidea dago. Baina niretzat, azkenean, berdina da. Niretzat denek betetzen dute funtzio berbera. Badira musikariak beraiek egiten dutena ez dela ohiko kanaletatik zabaltzen; beraiek edozein tresnarekin, dela gitarra edo dela ordenagailua, sortzen dute musika, baina modu desberdinetan. Horrek kuriositatea pizten dit. Esperimentazioa da Hegoa Diskak zigiluaren haria edo irizpide nagusia. Horixe bera.
Distantzian aritzen zara lanean. Nola egiten duzu?
Esan beharra dut nik egiten dudala dena, baina beti musikariekin batera. Proiektu bakoitza independentea da. Musikariek egindakoa bidaltzen didate, eta haiekin hitz egiten dut nola egin dezakegun diskoaren azala, zein ideia dituzten… Gauza horiek guztiak batera lantzen ditugu; mahaiaren gainean jarri eta norabidea lantzen dugu. Nik bakarrik esaten dudanean produkzioaz, salmentaz eta distribuzioaz ari naiz. Sormenaren aldea musikariekin batera egiten dut. Disko guztiekin ikaste prozesu bat dago, eta gauzak egiteko modu berri bat ikasten da.
Distantziarena gaur egun ez da oztopoa. Deiak egiten ditugu, materiala bidaltzeko ez dago zailtasunik, diskoak Europan egiten dira, eta handik Euskal Herrira bidaltzen dira. Azkenean, distantzia ez da arazoa. Arazo izan daiteke nola jarrai dezakeen ekoizten zigilu independente batek. Garestia da, eta batzuetan diskoak egiten dituzu, baina batzuk saltzen dira eta besteak ez. Gustuko duzulako egiten duzun zerbait da. Ez dago beste arrazoirik. Arriskuak dituelako: dirua jarri behar duzu disko bat egiteko, eta garestia da.
Zein da zigiluaren bereizgarririk nagusiena?
Nik esango nuke internazionalagoa dela, baina soilik Londresetik egiten dugulako lan. Londresen ezagutzen dudan jendearengatik diskoak munduan zehar dabiltza. Proiektu honen gakoa edota desberdintasuna hori da. Musikariak oso pozik daude beraien diskoak leku askotara iristen ari direlako. Batzuetan Euskal Herrian dauden zigiluei zailago egiten zaie disko horiek zabaltzea. Hegoa Diskak, euskalduna izan arren, Londresen hazi da. Horrek egiten du ezberdin, eta ezberdintasun hori uste dut faktore garrantzitsua dela.
Autogestioaren bidez lan egiten duten euskal zigiluek jaialditxoak egin ohi dituzte. Zigiluko kideen musika oholtza gainera igotzeko jaialdirik egitea otu zaizue?
Kontzertuak egiten hasi ginen orain dela pare bat urte, eta aurreko Eguberrietan izan zen, Euskal Herrian azkena. Euskal Herrian, guztira, pare bat kontzertu egin ditugu, Bilbon eta Ziburun. Londresen ere egin izan ditugu bertako Cafe Oton, eta azkenekoan Alberto Lizarralde eta Garazi Navas etorri ziren. Oso ondo joan zen. Aurten, Baionan elkartuko gara hilaren 27an, eta beste kontzertu bat egingo dugu. Iker Munduate donostiarrak eta Ane Segurola Saguxar irundarrak kontzertuak eskainiko dituzte. Nahas Mahas Ipar Euskal Herriko kolektiboarekin batera izango gara, eta haiek ere beste artista batzuk eramango dituzte. Kolektibo honek Dia Irratia du Donibane Lohizunen.
Hegoak Diskak zigiluaren lanak denda fisikoren batean eskuratzeko aukerarik al dago?
Japonian, Ameriketako Estatu Batuetan edota Erresuma Batuko dendetan egiten dugu distribuzioa, Euskal Herriaz aparte. Bandcamp plataformatik ere eros daiteke. Euskal Herrian, Donostiako Beltza Records dendan eros daitezke disko guztiak; Bartzelonan eta Galizian ere bai. Disko denda bakoitzak identitate ezberdina du, eta denda batzuek ez dute musika hau salgarri ikusten. Musika nahiko ezberdina da, eta ez da edozein musika zaleren gustukoa.