Artiako ezkiak protokolo bidez ez zaintzea salatu dute
Lau ezki moztu ditu udalak Dario de Regoyos kalean, haizeteagatik bat erori ondoren. Artiako Lagunak elkarteak salatu du hori ekidin zitekeela, zainketa protokoloa beteta.
Bost urte darama Artiako Lagunak elkarteak bere auzoko ezkien alde borrokan. Azaroaren 24ko eguna haien ibilbideko beste mugarri bat bilakatu da: haize bolada handiengatik alerta laranja ezarrita izan, eta Dario de Regoyos kaleko ezki bat erori zen Gi-636 errepidera, Juan Thalamas Labandibar kalera. Zuhaitz hori erretiratu, eta ondoren, udalak «segurtasun arrazoiengatik» erabaki zuen eroritakoren ondoko beste lau ezkiak ere moztea. Horien mozketa saihestu zitekeela salatu dute elkartekideek.
Azken Portutik Behobiarako bidean 98 ezki daude, eta 2019an udala ezki horien erdia mozten saiatu zela oroitarazi du elkarteak, urte hartan ere haizetea egon zelako. Orduko haizetearen ondorioz inguru horretan eroritako zuhaitz bat bizilagun batek «pozoitu» egin zuela salatu du elkarteak, «aurrean zuelako eta enbarazu» egiten ziolako. «Teknikariek baieztatu digute pozoitzearena; lurra aztertu eta arbola gaixo zegoela jakin zuten», zehaztu du elkarteak. Bizilagunak ordezkatu ziren zuhaitzak pozoitzen jarraitu du.
2019an hildako zuhaitza ondoko beste baten gainera erori zen, eta horren adar batzuk puskatu zituen. Dena den, orduko hartan udalak 47 ezki «arriskutsutzat» jo zituen, eta horren aurrean txosten teknikoa galdegin zion elkarteak udalari, mozketaren arrazoiak jakiteko. Txosten hori 2020an idatzi zen, baina ez zuela ezertarako balio izan adierazi dute auzokideek. «Ez zegoen zuhaitzen banakako analisirik; eroritakoaren akatsak edo gaixotasunak gainontzeko zuhaitzei ere esleitu zizkieten, frogarik gabe», azaldu dute.
Orduan, txosten tekniko profesionala eskatu zioten udalari, eta mobilizatzen hasi ziren. Azkenean, 2020ko uztaileko osoko bilkuran aurkeztutako mozio baten bidez, eskatu zuten urteroko azterlana egitea. Ordutik Doctor Arbol enpresa arduratu da zuhaitzen egoeraren gaineko txostena idazteaz, eta eta duela bost urte ondorioztatu zuten ez zegoela Artiako ezkiak mozteko beharrik. Hartara, zuhaitzak mantentzeko, zaintzeko eta kimatzeko proposamena jaso zuten txostenean.
Txosten berria
Iaz, udalak, informazioa kontrastatzeko Tecnigral enpresari eskatu zion beste txosten bat egitea. Udalaren arabera, enpresa horrek haizeteen edo euriteengatiko alarmen ondoren egiten ditu azterlanak; pasa den hileko kasuetan bezala. Enpresa horrek «ospe txarra» duela adierazi du elkarteak, eta haren sinadurarekin dago udalak 2023an egitea eskatu zuen azken txostena.
Txosten horren arabera, Artiako lauzpabost ezkik orduko 120 kilometroko haize boladekin erortzeko arriskua dute. Bestelako txosten guztietan, baina, erorketak ekiditeko proposamenak jaso ziren. Kimaketa da proposamenetako bat, baina azken kimaketa 2020an egin zela salatu dute auzokideek. «Lau urtean altuera asko hartu dute, eta haizetea etorri denean erresistentzia falta izan dute», azaldu dute.
Arbola indartzeko lurra hobetu behar zela jasota zegoen txosten horretan, eta horretarako enborrentzako euskarri batzuk ere jarri behar zituzten. «Mozioan jasotako hiru proposamenak ez dituzte bete; ez dira balio handiko zuhaitz gisa tratatu». Erorketa prebenitzeko protokoloa bete balitz, pasa den asteko lau mozketak ekidin zitezkeela uste du elkarteak. Izan ere, erori zen ezkia arriskutsutzat baloratuta bazegoen ere, 2020ko txostenean hura zaindu eta mantendu behar zela jasota dago.
Elkartearentzat «historia errepikatzen» ari da, eta salatu dute udalak alerta laranjaren aurrean nahiago duela ezkiak moztu, Gi-636 errepideko trafikoa eten baino.