Gobernu plana "asmo adierazpena" izatea salatu du EAJk
Udal gobernu plana "misio ikuspegi eta balio zehatzik gabekoa" dela uste du talde jeltzaleak.
Udal gobernu taldeak 2024 eta 2027 urteetarako udal gobernu plana aurkeztu du eta EAJk deitoratu du urte eta erdiko atzerapenarekin iritsi izana plana. Horrez gainera, dagoeneko ezaguna den eta errepikatzen ari diren gaiak jaso dituztela adierazi dute. “Asmo adierazpen bat baino ez da” salatu dute, ez dituztelako ideia guztien denbora edo aurrekontu estimaziorik jaso.
Urteko jarraipen plan falta eta planen betetze maila neurtzeko adierazpen falta dagoela ere nabarmendu dute. Hartara, jeltzaleek ondorioztatu dute gardentasunaren, gobernu onaren eta oposizioaren kontrolaren kontra doala udal gobernu plana.
Berriro oroitu dute gutxiengoan gobernatzea erabaki duen gobernu baten programa dela eta erabaki hau PSE-EEren eta alkatearen erabaki politikoa izan dela azaldu dute. “Irungo egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko behar den kaudimen eta indarrarekin kudeatzeko behar den egonkortasuna eta gehiengo politikoa hiriari kentzen dion erabakia ere bada” erantsi dute.
Lehentasunak eta proiektuak ezagutzeko “behin eta berriz” gobernu plana eskatzea deitoratu dute jeltzaleek. Era horretan, oposizioa eta kontrol arduratsu eta eraginkorra egin nahi dute, baina hauteskunde kanpainan aurkeztutako testu bera aurkeztu dutela uste dute. “Batzuk duela zenbait hamarkadatako ideiak dira, eta oraindik ez dira konpondu” ohartarazi dute.
Plan hau, “misio ikuspegi eta balio zehatzik gabekoa” dela iritzi dute eta ez dituela bereizten arlo edo ardatz estrategikoak eta bertan aurreikusitako ekintza zehatzak. Plan honekin udal gobernuaren “ahultasuna” berretsi dela dio EAJk, legealdiaren denbora kudeatzeko zehaztasun eta lehentasun faltarekin batera.