'Txorien begibistan' erakusketa, Kabigorrin
Josemari Gimona argazkilariak ehiza utzi zuen txoriei asko erreparatzen hasi zenean. Erakusketaren bisita gidatua eskainiko du egileak hilaren 12an.
Josemari Gimona argazkilariak bere inguru hurbilean egindako argazkiekin erakusketa jarri dute Kabigorrin. Txoriak begibistan izena du erakusketak eta bihar irekiko dute, hilaren 13ra arte.
Gimona Itsas Enara Ornitologia Elkarteko eta ASAFONAko (Asociacion aragonesa de Fotografos de la Naturaleza) kidea da. Egileak, hilaren 12an, erakusketaren bisita gidatua eskainiko du, 19:30ean.
Gimonak azaldu du hegaztien argazkigintzarekiko zaletasuna ehiza giroan bizitzetik jaio zitzaiola, “ni neu beste bat gehiago nintzen”. Gerora, ez zela ehizarekin ondo sentitzen hasi aitortu du, hegaztiei, haien kantuei eta haien desberdintasunei asko erreparatzen hasi zelako.
Behin lagun batek argazki kamara bat utzi ziola gogoratu argazkilariak eta txoriei beste modu batean “tiro egiteko” probestu zuen. “Animalia etorri zen tokitik itzuli zela jakitea pozgarria izan zen” bukatu du.