Olibondoa landatu dute Palestinari elkartasuna adierazteko
Etxara Elkarteak olibondo bat landatu du Kasino Zaharreko lurretan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko asmoz.
Etxara Elkartea Palestinako herriak bizi duen genozidioak sortzen duen kezkatik jaio da, eta gaurko egunean zehar zenbait elkartasun keinu egingo dituzte Hondarribian. Kasino Zaharreko lorategian izan da lehen hitzordua, eta olibondo bat landatu dute Palestinarekiko elkartasuna erakutsi nahian.
Bertso artean hasi dute goiza, eta hizketaldiekin jarraitu dute gero. Etxara Elkartearen izenean Jon Diezek eta Idoia Salazarrek hitz egin dute; Palestinako herriaren izenean, berriz, Hatem Hafik.
“Olibondo hau landatzean iraunkortasuna eta erresilientzia ari gara landatzen, Palestina ez ezik sufritzen ari diren herri guztiak gogoan. Olibondoak oroigarri bizia izan nahiko luke hondarribiar guztientzat”, dio Diezek. Olibondoak Palestinako herria bizitzen ari den une mingarri hauek oroitarazi nahi dituela gehitu du; baita egoerarik bidegabeenetan bakea, elkartasuna eta itxaropena elikatzen jarraitu behar dela ere. Etorkizun bidezkoago bat eraikitzeko ahaleginarekin jarraitu behar dela esanaz amaitu du hitzartzea Etxarako kideak.
Eta Salarrek jarraitu du. “Zuhaitz hau hazi ahala, Hondarribiko herriaren elkartasuna eta esperantza haztea nahi genuke. Olibondo hau Hondarribiko herriak landatzen du munduko herriekiko elkartasun ikur modura Palestinako herria genozidioa eta apartheida jasaten ari den une honetan. Oraindik txikia den arren, zuhaitz honek berekin dakartza historiaren pisua eta hobea izango den etorkizun baten promesa. Izan bedi leku hau bakea eta itxaropena erein eta sustraitzeko gune bat hondarribiar guztientzat”.
Txalaparta jotzen hasi dira pixkanaka, eta Hatem Hafiri eman diote hitza Palestinako Herriaren izenean hitz egin dezan. Behean, gaurko ekitaldiko irudi zein bideoak.