Super Amara Gabonetako Krosa aurkeztu dute
Abenduaren 14an izango da kirol proba. Izen emateak zabalik daude. Helduen lasterketan 350 lasterkari inskribatu dira oraingoz, eta txikienean 300.
Eguberrietako espiritua jasotzen duen krosa bueltan da. Aste honetan aurkeztu dituzte abenduaren 14an gauzatuko diren bi probak: Gabonetako Krosa Txiki eta Gabonetako 5k. Azken honetan 13 urtetik gorakoek parte hartu dezakete.
Lehen proba txikiena izango da. 15:30ean hasi eta ordubeteko iraupena izango du. Proba nagusia 16:45ean hasiko da.
Bost kilometroko proba Irungo kaleetatik korrika gozatzeko prestatuta dagoela zehaztu dute BATeko ordezkariek. “Ibilbidea ideala da marka pertsonalak egin nahi dituztenentzat, eta baita jardunaldi berezi batez gozatu nahi dutenentzat ere”.
Izen emateak
Izen emateak zabalik daude, baina aurki dortsalaren prezioa handitu egingo da. Abenduaren 1etik aurrera izango da hori. Egun 11 euroko prezioa dute dortsalek, baina egun horretatik aurrera 14 euroko kostua izatera igaroko dira.
Helduen lasterketan 350 lasterkari inskribatu dira oraingoz, eta txikienean 300. Gainera, antolakuntzak nabarmendu duenez parte hartzaileen %40a emakumeak dira.