Prezio publikoak arautzen dituen ordenantza orokorra onartzeko proposamena onartu dute
Atzo arratsadeko osoko bilkuran onartu zen proposamena, Abotsanitzen, EAJren eta EH Bilduren aldeko bozkarekin. PSE-EE abstenitu egin zen.
Atzo arratsaldean egin zen azaroko osoko bilkura. Bertan prezio publikoak arautzen dituen ordenantza orokorra onartzeko proposamena onartu zuten, Abotsanitzen, EAJren eta EH Bilduren aldeko bozkarekin. PSE-EE abstenitu egin zen hitzaurrean “elkartasunaren” kontzeptua, haientzat bereziki garrantzitsua zena, kontuan hartzen ez zelako.
Urriko osoko bilkuran aztertu zituzten prezio publikoak. Ondoren, herritarrei helarazi eta horiek martxan jartzeko intentzioa erakutsi zuen udal gobernu taldeak. Igor Enparan alkatearen esanetan udalean lan egiteko orduan “hobekuntza” garrantzitsua izango da.
Ordenantzaren helburua araudi orokorra garatzea eta Hondarribian prezio publikoak eskatzeko eremua eta prozedura ezartzea da. Alkateak gaineratu duenez “beharrezkoa da esparru arautzaile bat ezartzea, bere garaian Ordenantza Fiskalaren prozeduraren bidez onartu ziren prezio publikoak jasoko dituena. Hala nola, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua”.
Bilkura berean Maria Serranok Arma Plaza Fundazioko karguari uko egin zion eta Ander Ribesek hartu zuen haren lekua.
Bestetik, gai zerrendako bosgarren puntua onartu zuten; hau da, Hondarribiko zenbait kale asfaltatzeko eta urbanizatzeko lan osagarrien proiektua gauzatzeko kontratuaren prezioen salbuespenezko berrikuspena onartzeko proposamena. Enpresa esleipedunari 273.536 euro ematea aurreikusi du gobernu taldeak, “kostuak handitu egin direlako”. Guztia justifikatuta dagoela eta udal arkitektoaren oniritzia jaso duela gaineratu zuen Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak. “Igoera, neurri handi batean, Europako egoera geopolitikoak eragindako kostuen gorakadaren ondorioa da”. Proposamenak Abotsanitzen, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren babesa jaso zuen.