Itsas Etxea Auditoriuma arnasgune bilakatu dute
11:00etatik 13:00ak arte iraun du 2024ko Bidasoko Mintzodromoak. Euskaran trebatzeko egitasmoa izateaz gain, eskualdeko bizilagunen harremanak sustatzeko helburua du ere.
Euskararen nazioarteko egunaren atarian Mintzodromoa antolatu du Bidasoa Txingudi patzuergoak, Hondarribiko Itsas Etxean. Euskaraz aritzeko gune bat da eta ia 80 lagun elkartu dira haren baitan. Hendaiako AEKko ikasleak, Hondarribiko Udal Euskaltegikoak, Irungo Udal Euskaltegikoak, Irungo AEKko ikasleak eta Bidasoko Mintzalagunak programetan parte hartzen dutenak bildu dira, baita bere kabuz apuntatu den lagun bat ere.
Ikasle eta bidelagunez gain —Mintzalagunak-en boluntarioki parte hartzen duten euskaldun zaharrak—, Igor Enparan alkatea, Garoa Lekuona Euskara zinegotzia eta Itziar Aizpuru Hendaiako zinegotzia ere bertan izan dira. Hitza hartzeaz gain, egitasmoan parte hartu dute hirurek.
“Hiru herri gara, baina bailarara batean bizi gara, Txingudi bailaran, eta baditugu lankidetzak hiru herrietako herritarrak elkar batzeko” azaldu du alkateak. Gaurko Mintzodromoa esaterako elkarrekiko ezagutza sustatzeko eta harremanak sendotzeko antolatutako ekitaldi horietako baten adibidea da. Baina hortaz gain, guztiei euskarak batzen dituela oroitarazi du alkateak. “Gaurko egitasmoa gure tresna amankomun hau lanean jartzeko, sakontzeko eta egunerokotasunean erabiltzeko sustapen bezala balio dezala” desiratu du.
Garoa Lekuonak azaldu duenez mahai baten bueltan adostutako proposamena izan zen. Bidasoa Txingudi patzuergoko euskara sailak antolatu du baina “ezinbestean” bestelako eragileek bultzatutakoa dela nabarmendu du: Euskaltegiek, Mintzalagunak eta AEKk, hain zuzen. “Baina nahiz eta guk ilusio handia izan, zuek hemen egongo ez bazinateke honek ez luke zentzurik izango. Beraz, horregatik eskerrak zuei, euskararen aldeko egitasmo honetan parte hartzeagatik” eskertu du. Segidan, Auditoriumean eskegi duten zuri-beltzeko argazki batera begiratzea eskatu die zinegotziak. Hendaia, Irun eta Hondarribia ikus zitezkeen bertan. Hirurek erronka ezberdinak dituztela nabarmendu du, baina euskaradunak izateak herri nortasunaren esentzia jasotzen duela. Hortaz, denen artean euskaraz hitz egitera animatu ditu,”euskaldun berriak, euskaldun zaharrak eta euskara maite dugun guztiok egiten dugulako gure hizkuntzak bizirautea”.
Itziar Aizpuruk ere Enparanek eta Lekuonak esandakoarekin bat egin eta hiru gauza eskatu dizkie parte hartzaileei: “Disfrutatu, ondo pasa hitz egin asko euskaraz eta harremanak sendotu”.
Mintzodromoarekin hasi aurretik sorpresa bat izan dute parte hartzaileek, Hondarribiko, Irungo eta Hendaiako hiru lagunek bideo bana prestatu dute. Inko Manterolak, Hendaiako kulturgileak, batez ere euskara ikasten ari direnei eskerrak emateko baliatu du aukera: “Eskerrik asko euskararengatik egiten duzuen guztia. Euskaldun zaharrontzako erraza da euskara biziaraztea. Baina zuek euskaldun berriek erakusten diguzue hizkuntza ez dela inoiz hilko, beti izango delako norbait ikasi edo praktikatu nahi duena”. Peio Irigoienen bideoa ipini dute ondoren eta euskara alde batera ez uzteko eskatu die Burrunba taldeko kideak. Azkenik, Ainara Elizondok Manterolak hasitako bide beretik jarraitu du. “Denbora hain garesti den garai hauetan zuen bizitzako tarteren bat euskarari eskaintzeko ahalegina egiten duzuen guztioi” eskerrak eman dizkie.
Mintzodromoaren dinamika
Launakako taldeetan eseri dituzte partaide guztiak eta 11:00etatik 13:00ak arte euskaraz solasteko helburuarekin. Sei mintzagai izan dituzte: Eguberrietako ohiturak, pantailen erabilera, kirol ikuskizunak eta sarreren salneurria Durangoko azoka, energia berriztagarriak eta azkena, astebururako planak. Emandako hurrenkeran landu dituzte, eta bakoitzeko 12 minutu izan dituzte. Epe hori bukatuta formula matematiko baten bidez mahaikidez aldatu eta jende berriarekin hitz egin ahal izan dute.