Euskaraz hitz egiteko gakoa, hitz egitea
Mintzalaguna egitasmoak sustrai sendoak ditu Hondarribian. Ikasturte honetan 80-85 pertsona ari dira parte hartzen. Horietako bat da Miranda Ebroko Gustavo Melgosa.
Donostiako Bagera elkartearen ekimenez sortu zen Mintzalaguna egitasmoa 1993an. Jendeak euskara erabiltzeko guneak behar zituela detektatu eta taldetxo batzuk sortzea pentsatu zuten; izan ere, euskara ikasten ari diren askok ez dute euskal girorik izaten inguruan, euskara erabiltzeko guneak falta zaizkie. Talde horiek arrakasta izan, eta Euskal Herri osora zabaldu ziren. Egun 8.000 pertsona inguru daude egitasmoaren barruan.
2011-2012an heldu zen Mintzalaguna Hondarribira, eta urtetik urtera partaide kopuruak gora egin du. Aurten 15 talde daude, eta 80-85 bat pertsonak parte hartzen dute. Taldeak orokorrean lauzpabost pertsonakoak izaten dira. «Era horretan denen parte hartzea sustatzea, konfiantzazko guneak sortzea, eta jendea lasai eta eroso sentitzea ahalbidetzea errazagoa izaten delako», hala azaldu du Mertxe Gerriko Hondarribiko koordinatzaileak.
Taldeak astean behin elkartzen dira gutxienez, ordua eta lekua haiek ezartzen dute. Gehienak tabernetan edo kafetegietan elkartzen dira, baina bada ibilaldi bat eginez elkartzen den talderik ere. Talde bakoitza bidelariek —euskara ikasten ari direnek— eta bidelagun batek –euskara menperatzen duenak– osatzen dute.
Gustavo Melgosa Miranda Ebrokoa (Burgos, Espainia) da, eta duela zazpi hilabete heldu zen Txingudiko badiara, 14 urte atzerrian igaro ondoren. Hizkuntzak oso gustuko ditu, eta euskara bereziki betidanik maite izan duela aitortu duen arren, ez du orain arte ikasteko aukerarik izan. Zekien apurra hobetzeko asmotan, irailean Hendaiako AEK euskaltegian izena eman zuen, eta egun, bi mintzapraktika saiotan parte hartzen du astero, bidelari gisa: bata, Hendaian, eta bestea, Hondarribian. «Nire arazoa beti izango da etxera itzultzen naizenean, emaztearekin eta alabekin, gaztelaniaz edo ingelesez egiten dudala». Mintzapraktikak, beraz, ezinbestekoak dira harentzat, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ematen diolako.
Euskaraz ondo hitz egitea du helburu, baita jendea ezagutzea ere, eta horretarako hizkuntza ahal duen guztietan erabiltzen saiatzen da. Orain artean aurkitu duen zailtasun handiena, eta orokorrean euskara ikasten duten pertsonen erronka, praktika horietatik kanpo euskarari eustea izaten dela dio Melgosak: «Komertziala naiz, eta produktu baten azalpena emateko lehen saiakera euskaraz egiten dudan arren, laster gaztelaniara aldatzen naiz, badakidalako aurrekoak gaztelaniaz dakiela». Baina horretan dabil.
Mintzapraktikak
Elkarrizketak oso modu naturalean sortzen direla kontatu du Gerrikok, nahiz eta maiz ezezagunen artekoak izan. «Hasieran beren burua aurkezten da: nor zaren, zer egiten duzun, zein afizio dituzun… Eta horrek berak ekartzen du elkarrizketa». Konbertsaziorik ez dute inoiz falta izan, hala berretsi du Melgosak. «Gu Mendeluko ostatu batean elkartzen gara, eta egun horretan egindakoaz edo asteburuan egindakoaz hitz egiten dugu». Elkarrizketaren bidez dakiten hori atera, eta «jariotasuna» nahiz hitz egiteko «segurtasuna» hartzen dute partaideek, eta horrek, aldi berean, egunerokoan pauso txikiak emateko aukera errazten die: «Okindegira joan eta euskaraz eskatzera ausartu direla, edo bizilagunarekin euskaraz hitz egiten hasi direla esaten digute harro», kontatu du Gerrikok.
Melgosaren lehen mintzapraktikaz galdetuta, izan zituen lehen inpresioak ekarri ditu gogora. «Hendaian hasi nintzen, eta esan zidaten lehenengo gauza honakoa izan zen: Jexux Arzallus ezagutzen duzu? Bertsolariaren aita? Eta pentsatu nuen: non sartu naiz?», esan du, barrez. Euskalki ezberdinak lantzeko aukera du bere taldean: errezildar bat, hendaiar bat eta azparrendar bat elkartzen direlako. Batzuetan kosta egiten zaion arren, oso gustura joaten da hitzordura.
Prozesu motela izan daiteke, baina urtez urte partaideen euskara maila hobetzen ikusi du Gerrikok. «Badabil gurekin adineko emakume bat, 81-82 inguru izango ditu. Bere nahia zen bilobekin euskaraz egin ahal izatea. Poliki-poliki hasi zen, oso mugatuta baitzegoen. Txikitan euskara jaso zuen, baina gero urteak pasa zituen batere erabili gabe. Haren ahizpa, ordea, euskaltegira joaten da, baina ez du mintzapraktikarik egiten. Gaur egun jario hobea du lehenak bigarrenak baino. Dakien hori ateratzen du eta hobekuntza nabaritzen da».
Asteroko lanaren garrantzia
Abenduaren 3an da Euskararen Eguna, eta hura ospatzea garrantzitsua dela uste duen arren, urte osoko lanketaren garrantzia nabarmendu du koordinatzaileak. «Euskararen Eguna bezalakoak garrantzitsuak dira esateko hemen dagoela hizkuntza, hemen gaudela. Baina uste dut asteroko lan horrek askoz ere balio handiagoa duela noizean behin festa egiteak baino. Festa egitea ondo dago; gu hor izango gara. Baina ez da sprint bat. Jarraipen bat eman behar zaio».
Horregatik, Mintzalaguna egitasmoaren barruan asteroko topaketez gain, hilabetero aparteko jardueraren bat antolatzen dute. Aurreko hilean mendi irteera bat egin zuten eta hil honetan, —gaur da, 11:00etatik 13:00etara, Itsas Etxean— Mintzodromoa antolatu dute. Topaketa berezia izaten da honakoa, jende ezezagun asko elkartzen baita bertan. Launako taldeetan elkartu eta 20 minutuz gai zehatz bati buruz hitz egin behar izaten dute. Denbora agortzerakoan taldeak aldatzen dituzte. «Oso esperientzia ona izaten da, motz egiten zaie». Bestetik, Parketarrak egitasmoa abiatu zuten iaz, eta «oso ondo» funtzionatu duela azaldu du Gerrikok. Haur askok, nahiz eta etxean euskaraz egin, kalean gaztelaniarako joera dutela ikusi zuten, «eta garrantzitsua da haurrek euskara momentu goxo eta dibertigarri batekin erlazionatzea». Aldi berean, gurasoen eta haurren artean euskararen erabilera bultzatzeko lanketa egiten dute, eta mintzalagunek gustukoak dituzten egitasmoak (hikalaguna, kakorratz taldea, yoga…) antolatzen dituzte.
Doako saioak dira, eta 16 urtetik goragokoak apunta daitezke: hondarribia.eus atarian galdetegi bat betez, mintzalaguna@hondarribia.eus helbidera idatzita edo zuzenean 688 865 398 telefonora deituta.