Euskotrenen eta Renferen geltokiek bat egitea onartu dute
2032 urterako lanak bukatuta eta geltoki berria martxan egotea aurreikusi dute. Gaurko udalbatzan aho batez onartu dute protokoloa eta alkateak "mugarritzat" jo du gaurko onespena.
Urtebete pasa da Geltoki kaleko tren eta autobus geltokia eraitsi eta Txanaleta plazaren inguruan etorkizuneko geltoki intermodala eraikitzen hasi zirenetik. Geltoki berri honetan garraio publikoaren zerbitzu guztiak bateratuko dituzte: abiadura handiko trena, distantzia luze eta ertaina, aldiriak, topoa eta autobus geltokia. Azpiegitura eta zerbitzu berriak 2032 baino lehen martxan egotea aurreikusi dute.
Proiektu honekin aurrera jarraitu ahal izateko, trenbide eremua integratzeko protokoloa onetsi dute gaur goizeko osoko bilkuran, aho batez. Cristina Laborda alkateak “mugarritzat” jo du udalbatza osoaren adostasuna “denok bat egin dugula Irunentzako hoberena denaren bilketa horretan”. Udaletxea osatzen duten talde politikoen babesa eskertu du jarraian.
Gaur onetsitako akordioak jarduketa asko “desblokeatu” dituela adierazi du udalak, Euskotrenen gainazaleko trazadura desagertuko baita, Pio XII plazaren eta Kolon pasealekuaren artean. Trazadura berria Adifen trenbidearen bidez egingo dute eta etxebizitzen eremutik aldenduko da. Etorkizuneko trenbide berri honetan, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) diseinuak trenbide bikoitza izango du, maiztasuna areagotzeko xedez.
ETSren trazadura berria Adifen integratuta, Kateako geltokia berrituko dute, eta beste hiru geltoki gehigarri eraikiko dituzte Euskotrenen zerbitzuarentzat: Belaskoenean, Soroxartako zubiaren ondoan; ViaIrun egongo den eremuan, Adifen geltoki ondoan; eta Kolon pasealekuan.
ETSren Kolon pasealekuko trenbideen azpiko integrazioari dagokionez, egungo pasabide osoa berreraiki beharko dute. Plataforma berri bat eraikiko dute Txanaleta plaza eta Kolon pasealekuaren arteko eremua ordezkatuko duena. Halaber, oinezkoen eremua handiagoa izango da, hiri eremuarekin bat datorren plaza moderno baten sorrerarekin. Plaza hau topoaren sarbidea izango da.
Protokoloa
Gaur onetsi duten protokoloak zenbait administrazioen ardurak finkatu ditu. Bide horretan, ETSk bere bide eta geltokiak berritzeko azterlan eta eraikuntza proiektuak egingo ditu; Adifen ardura, berriz, bere azpiegiturak birmoldatzea izango da, baita Txanaleta plaza berreraikitzea eta pasarela egokitzea ere; Irungo Udalak topoaren trazadura berria ViaIrunen eremuko hiri antolamenduan txertatuko du.
Protokolo hau abenduaren 2an sinatuko dute udaletxeko areto nagusian. Bertan izango dira Jose Antonio Santano, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Espainiako estatu idazkaria; Susana Garcia Chueca, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburua; Luis Pedro Marco, Adifeko presidentea; eta Cristina Laborda, Irungo alkatea.