'Bidasoako Atlas Emozionala' liburuak formatu berria dauka
Bigarren edizioa argitaratu du Bitamine faktoriak eta dagoeneko eskuragarri dago.
Bidasoako Atlas Emozionala 2019an abiatutako ikerketa antropologiko bat da eta Irun, Hondarribia, Hendaia eta Biriatuko herriak barnebiltzen ditu. Azterketa horretatik abiatuta, banakako eta taldeko memorian gehien agertzen ziren hamar gai hautatu zituzten eta ondoren alor esanguratsuenak liburu batean jaso zituzten.
Orain, liburu horren bigarren edizioa argitaratu dute eta formatu berria dauka. Hamar kapitulutan bereizita dago eta testuaz Maria Jose Noain Maura arduratu den bitartean, ilustrazioetan lanean aritu da Elena Odriozola. Azalean Odriozolaren ilustrazio berri bat dago eta ibaiaren alegoria bisual gisa definitu dute.
“Ikerketa eta sorkuntza prozesua izan da hain emankorra, ezen gaur egun antzeko ekintza bat egiten ari baitira Urumeako Atlas Emozionala sortzeko” aurreratu dute.
Liburu hau dagoeneko liburu dendetan edota online erosi daiteke eta non erosi jakiteko honako lotura honetara jo behar da. Bitamine argitaletxe independenteak argitaratu du edizio hau.