Asobal Kopari begira jarriko da bihar Bidasoa Irun
Benidorm jasoko dute Artalekun eta bi puntuak irabaztea izango dute xede. Da Silva antroskopia bidezko konponketa kirurgikoaren esperoan geratuko da.
Bidasoa Irunek etxean jokatuko du bihar (Artalekun 17:30ean) eta Benidorm izango du aurkari. Alex Mozas entrenatzaileak adierazi du ligan zentratzeko garaia dutela, behin Europako lehia atzean utzita eta etxeko lanak eginda.
Asobal Kopan sartzea dute helburu hori-urdinek eta horretarako sailkapeneko lehen lau postuetan egon nahi dute. “Denboraldi hasiera bikaina litzateke helburu horiek beteko baditugu” azaldu du Mozasek.
Benidormen aurkako partidura “motibazio handiarekin” joango direla aurreratu du entrenatzaileak. Izan ere, Asobal Kopara sailkatzeko puntuei dagokienez ez dabiltza lasai eta hargatik garrantzia eman nahi diote biharko partidari.
Benidormen kontra irabazteko partida “ongi hastea” gakoa dela uste du entrenatzaileak, eta Nacho Valles jokalariak markatzen duen erritmoa kontrolatzea lortzea izango dute xede. “Alacanteko taldearen erritmo motela ez zaigu interesatzen eta gure partida erritmoa markatu nahiko dugu”.
Da Silva, gelditzera
Matheus Francisco da Silva jokalariari artikulazio barruko gorputz libre bat atzeman diote eta honek artikulazioa blokatzen dio belaunaren konplexu posterolateralaren konpartimentuan.
Beraz, Bidasoa eskubaloi taldeak iragarri duenez, artroskopia bidezko konponketa kirurgikoa egin beharko diote, eta horrek baldintzatu egingo du Da Silvaren errekuperazioa eta kirol aktibitatea.