Aurrekontuei 46 zuzenketa egin dizkio EAJk
10 milioi eurotik gorako zuzenketak aurkeztu dituzte eta udal gobernuaren "proposamen kontinuista" aberasteko helburuz egin dituzte.
Irungo udal aurrekontuak aztertu eta kontrastatu ondoren, 46 zuzenketa aurkeztu ditu EAJk, 10 milioi euro baino gehiagokoak. Zuzenketa hauek herritarren “benetako beharrei erantzuten ez dien kolore bakarreko eta gutxiengoan dagoen udal gobernu baten proposamen kontinuista” aberasten dutela azaldu dute. Sei proposamen dira eta hirian gobernu sozialistak daramatzan 41 urte baino gehiagoko gobernuari “aurre egiten” dion hiri ereduan egin dute apustua.
Segurtasunari eta bizikidetzari lotutako proposamena egin dute eta hurrengo hiru urteetan hamabi udaltzain gehitzea proposatu dute. Urtero lau agente berri integratzea nahi dute jeltzaleek “zerbitzu egokia” eskaintzeko. Horrez gain, segurtasun kamerak jartzea eskatu dute beste behin. Kasu honetan, Mendibil eta Sargia parkeetan instalatzailea nahi dute. Bestalde, “hiriko gune kritikoetan” botoi morea aktibatzea eskatuko dute.
Jarduera ekonomikoaren alorrean langabeziari begira jarri dira eta Plan Orokorra aldatzea galdegin dute. Era horretan, jarduera ekonomiko berriak instalatzeko lurzoru egokiak sortzea nahi dute, “kalitatezko lanpostuak” sortzeko.
Gazteek emantzipatzeko zailtasunak medio, udalaren laguntza “ezinbestekoa” dela adierazi dute. Zentzu horretan, etxebizitza publiko eta irisgarrien sustapen berriak bultzatzea proposatu dute.
Kirol eta kultura ekipamenduen “premia handia” dagoela iritzita, Artalekuko kiroldegian irisgarritasun eta segurtasun neurriak ezartzea eta instalazioa osorik eguneratzea eskatu dute. Halaber, Txenpereneako kirol instalazioen proiektua garatzea nahi dute, eta Azken Portuko kiroldegia handitzea.
Bestalde, IAM pabiloiaren obraren proiektuaren izena aldatzea eskatu dute eta “hiriko kirol beharrei erantzuteko instalazioen proiektua eta obra zuzendaritza” izenera aldatzea eskatu dute. Gal Stadiumeko instalazioen proiektua eta obra zuzendaritza eguneratzea proposatu dute.
Irungo Udal Musika Banda “egoera prekarioan” entseatzen ari direla adierazi du talde jeltzaleak eta Udal Kontserbatorioak “premiazko eguneratzea” behar duela esan dute. Horregatik, auditorio berri bat sortzea proposatu dute.
Auzoen hobekuntzei bvegira auzo elkarteei udalak ematen dien diru partida handitzea eskatu dute. Bestalde, Gain Gainean parkearen zabaltzea bukatzea nahi dute; San Migel-Anaka eremuko proiektuarekin jarraitzea; Jose Ramon Agirretxe berriro urbanizatzea; Iñigo de Loiola oinezkoentzako egitea; eta Mendibilgo Plan Integrala egikaritzea.
Euskara ere ardatz izan du EAJk eta euskara sustatu eta bultzatzeko “apustu garbia” egin behar dela uste dute. Bide horretan, Euskal Jira, Olentzero, Kilometroak eta Herri Urrats bezalako ekimenak bultzatzea proposatu dute. Bestalde, memoria historikoan sakontzen jarraitzeko partida bat nahi dute. Memoriaren Txokoa sortuko litzateke horrela.