Kirola inklusiorako zubi gisa baliatuko du BATek
Bidasoa Atletiko Taldeak Zubia Kirola egitasmoa jarriko du martxan datorren astetik aurrera. Zubia zentroko kideei jarduera fisikoa astero egiteko aukera eskainiko die proiektu horrek.
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) Bidasoko eskualdean mugarri den proiektu bat aurkeztu du gaur San Juan plazan: Zubia Kirola. Egitasmoa abenduan jarriko da martxan, eta Laboral Kutxaren eta Irungo Udalaren sostengua duela adierazi du Ibon Muñoz BATeko kudeatzaile eta kirol zuzendariak. BATeko kideekin batera izan dira Iñaki Elortegi Kolon hiribideko Laboral Kutxako zuzendaria, Cristina Laborda alkatea eta Ilyes Benkaddour Zubiako kidea eta programako parte hartzailea.
Zubia Irungo Udalaren lehen arretarako baliabidea da, eta 18 urtetik gorako bazterketa egoeran dauden pertsonak artatzen dituzte han. Harrera, atseden eta topagune gisa funtzionatzen du, eta informazioa eta laguntza eskaintzen ditu gizarte langile eta hezitzaileen bidez.
Iaz Xakib Laxgarrek hitzaldi bat eman zuen Zubia zentroan. Laxgarrek hirutan irabazi du Behobia-Donostia lasterketa, azkena aurten, eta nazioarteko atleta ere bada. Laxgarrek bere esperientziak kontatu zizkien bertaratu zirenei, eta esan zien nola kirola garrantzitsua izan zen harentzat hemen integratzeko. Laxgar Zubian izan ondoren, bertako kide askok entrenatzen eta korrika egiten hastea erabaki zutela kontatu du Muñozek. Horrez gain, BATek antolatutako lasterketetan ere parte hartzen hasi ziren kide horiek.
Aurtengo Bidasoko Maratoi Erdiaren ondoren, BATek, udalak eta Zubiako arduradunek bilera bat egin zuten, eta BATeko kideei proposatu zieten ea posible zen talde bat entrenatzen hastea astero, entrenatzaile batekin. BATek erronka onartu zuela aitortu du Muñozek, eta ateak jotzen hasi ziren proiektua egikaritzeko. Egitasmoak Laboral Kutxaren sostengu ekonomikoa du, eta Irungo Udalak ere begi onez ikusi du Zubia Kirola.
Oinarriak finkatuta, datorren astean hasiko dira Zubiako kideak BATeko Susana Ruiz entrenatzailearekin trebatzen. Zubia Kirolak bost ardatz ditu, honakoak:
- BATeko Susana Ruiz entrenatzailek astean bi saio egingo ditu parte hartzaileekin, bat goizez eta bestea arratsaldez.
- Jarduera fisikoa egiteko kamisetak eta beharrezko materiala erosiko dituzte.
- BATeko bazkideei egoera onean dauden zapatilak dohaintzan emateko eskatuko diete.
- Lasterketa eta ekitaldietan parte hartzeko laguntza eta akonpainamendua emango dute.
- Hileroko saio bereziak egingo dituzte, eta entrenamenduen ondoren, hamaiketako bat egingo dute.