Hika teatroaren 'Zorretan' lana, Itsas Etxean
Amatasunaz, zaintzaz eta maitasunaz hausnartzeko proposamen ausarta egin du Agurtzane Intxaurragak. Miren Gaztañaga, Jabi Baranbiaran eta Iñake Irastorza dira antzezleak.
Larunbatean Hika teatroaren Zorretan lana taularatuko dute Itsas Etxean, Miren Gaztañaga, Jabi Baranbiaran eta Iñake Irastorza aktoreak. Agurtzane Intxaurraga izan da zuzendaria eta Miren Gojenolaren laguntza izan du egiteko horretan. Amatasunaz, zaintzaz eta maitasunaz hausnartzen duen obra da.
Orainaldiko eta iraganeko pasarteak nahastuko dira kontakizunean, eta horietako asko egoera komikoak eta absurduak izango dira. Emakume protagonistak bere mamuen aurka borrokatuko du, amarekin zuen harremana gogoratuz, haurtzaroko beldurrak eta iraganeko minak agerian utziz.
Hitzordua hilaren 30ean izango da, Itsas Etxean, 19:00etan.
Sinopsia:
“Emakumea eta gizona duela hogeita hamar urtetik dira bikote. Gaur andrea oso aztoratuta itzuliko da etxera. Amarekin hitz egin du eta ulertu dio senarrak berarekin bizitzera gonbidatu duela. Emakumea, erabat aztoratuta, kontuak eskatzen ari zaio gizonari, bere gorbata berdearen bila arduratuta eta lanpetuta dabilen gizon bati. Gainera, bere pijama erantzi eta loredun soinekoa janztea nahi du.
Joan egin behar dute, baina ez dirudi ezer bere lekuan dagoenik. Etxea nahasita dago eta dena da arraroa, amets batean bezala. Normaltasunera itzultzeko borrokatzen da, baina lur azpian hondoratzen ari dela sentitzen du, eta laguntzeko prest dagoen esku bakarra amarena da. Emakumeak ez du horrelakorik nahi. Nahiago du lur azpian bizi azal lodiko sator bihurtuta”.