Eguberrietan, arrantza eta itsasoa ardatz izango duten ikastaroak
8 eta 13 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikastaro bi eskainiko dituzte. Izan Arrantzale Hondarribian eta GazteTek.
Abenduan eta urtarrilean itsasoa eta teknologia ardatz izango dituzten gazteei zuzenduriko bi ikastaro eskainiko dituzte herrian: Izan Arrantzale Hondarribian eta GazteTek.
Itsas Etxea Kofradiaren eskutik 8 eta 13 urteko gazteak arrantzaren munduan murgilduko dira abenduaren 23an 26an eta 27an. Proiektu estrategikoa dute; izan ere, azken urteetan ontzi asko izan dira lehorrean geratu direnak gero eta zailagoa delako horei jarraipena ematea. Ogibidea gazteei gerturatzeko prozesu parte hartzaile bat abiatu zuen Itsas Etxea Kofradiak. Haren bidez gazteek eginiko proposamenak jaso zituzten. Horren adibide da Bentara goaz! jarduera.
GazteTek programak ere berritasunak izango ditu aurten. Ibilbide luzea duen programa da eta gauzatu den aldiro gazteei proposamenak egiteko tartea luzatzen diete. Azken edizioan bideo jokoak eta errealitate areagotua lantzeko eskatu zuten zenbaitek, eta beste askok Uda Jolas programaren antzeko zerbait sortzeko eskatu zuten. Jasotakoez baliatuz itsasoa ardatz izango dituzten saio “dibertigarriak” sortu dituzte. Esperimentu zientifikotik asko izango dute ere. Edukiak Bidasoa Bizirik garapen agentziak sortuko ditu. Abenduaren 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an izango dira hitzorduak eta 8-13 urte arteko gazteei zuzenduta daude.
Izen emateak udal webgunean, Gazteen Zerbitzuan (16:30etik 19:30era) edota hurrengo telefono zenbakira deituta (688 72 80 57) egin daitezke.