20.945 euro bildu ditu Beñat Elzo mendi lasterketak
Urtarrilean egingo den bazkari edo afari solidarioan jasoko du Gipuzkoako Adeles elkarteak Sport Mundiren donazioa.
Aurten bederatzigarrenez antolatu dute Beñat Elzo Mendi lasterketa eta hasierako helburu berari helduz lasterketa solidarioa izaten da. Jasotako diru guztia elkarte bati ematen diote urtero eta 2024an Gipuzkoako Adeles elkarteari ematea adostu zuten.
Guztira 20.945 euro bildu dituztela iragarri du lasterketa antolatzen duen Sport Mundi elkarteak. Txekea Klink Elkartean egingo duten bazkari edo afari -oraindik argitzeke dago- solidarioan jasoko du Gipuzkoako elkarteak.
Inoiz jaso den diru kopuru handiena da elkartearen esanetan. Batez ere bi arrazoi medio. Batetik, beren izena eman nahi izan ez duten bi enpresen aportazioa jaso zutelako. Eta bestetik, partaidetza handia izan zelako: 1.426 pertsona. Horietatik, 621k oinezko ibilaldian parte hartu zuten, mendiko lasterketan 343k izan ziren parte hartzaileak eta familien lasterketan 462 lagunek izena eman zuten.
Aldi berean, asko izan ziren probetan parte hartu ez arren kamiseta erosi zutenak. Azkenik, paella erraldoian 200 erraziotik gora banatu zituzten.