Larunbatean itzuliko dira Hondarribiko Olinpiadak
Euskara probarekin emango diote hasiera larunbatean Hondarribiko Olinpiaden hirugarren edizioari. 27 taldek parte hartuko dute denboraldi honetan, horietako zortzi berriak izango dira.
Hondarribiko Olinpiadak bueltan dira hirugarrenez eta berrikuntza ugarirekin datoz gainera. Guztira 27 taldek parte hartuko dute, horietatik zortzi talde berriak izango dira: Atzamantzak korrokoia, Gureak egin du, Hau ginga, Nun duk pistatxito?, Saturninon semiak, Tirojua, Txirrisklasikoak eta Xiraldoka itxera. Horiei talde esperimentatuak gehituko zaizkie: Erdi fanak, Kaizarrian Kixkaliyak, Taketeko, Durum mixtua, Eruak heldu ttuk, Jubiletak, Atletik klub txiplau, Arroja, Faki ta faki, Hau komeriya, Berberiñak, Txikhotia, Amonan xalda berua, Hori itzasua, Mixikuak, Ur Karruxa, Barrio txinokuak, Tximista, eta Josu Belea M. I.
Azaroan hasi eta ekainera arte iraungo du 2024-2025 denboraldiak. Urtero bezala hilabetero proba bana egingo dute. Egutegia honakoa: Azaroak 30, abenduak 14, urtarrilak 19, otsailak 28, martxoak 22, apirilak 27, maiatzak 10 eta ekainak 7. Alde horretatik ez da berrikuntzak izango, bai ordea sailkapen sistemari dagokionez. Jardunaldi bakoitzean punturik ez banatzea erabaki dute, lehiakortasuna alde batera utzi eta gozamenean zentratzeko. Hortaz, aurtengo olinpiaden garaikurra maiatzean erabakiko da; proba hori irabazten duen taldea izendatuko dute errege.
Euskara proba
Denboraldiko lehen jolasa larunbat arratsaldean (hilak 30) izango da. 16:45etik aurrera askotariko kolorez beteko dute Portua. Euskara proba burutuko dute. Olinpiadetako komiteak gogoratu duenez UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) erdara nagusi duen herri euskaldun moduan sailkatu du Hondarribia. “2016an Hondarribiko kaleetan elkarrizketen %24,6a entzuten zen euskaraz, eta bost urte beranduago, 2021ean %16,3a”. Datuok ikusita euskarari bultzadatxo bat ematea eta beren aletxoa jartzea erabaki zuten.
Euskaltzale handiak sortu dira Hondarribian, horietako adibide bi dira Fernando Artola Sagarzazu Bordari ezizenez ezaguna eta Lurdes Zubeldia Garaño, eta beste euskaltzaleekin batera, kulturaren bidez euskararen defentsa sutsua egin zuten. Haien memoria berreskuratu nahi izan dute Olinpiadetako antolatzaileek, eta beraz, lehenengo probak herriko historiatik eta euskaratik asko izango du.
Probaren ondoren, 20:00etatik aurrera, Txaranga Peña Poteok herri giroari jarraipena emango dio.