Be Veggie jaialdi beganoa lur hartzeko prest
Abenduaren 6tik 8ra egingo da eta jatorri begetalaren eta animalien esplotaziorik gabeko kontsumoaren topagunea izango da Ficoba. 60 postu eta 40 jarduera baino gehiago programatu dituzte.
Ficoban aurkeztu dute Be Veggie jaialdi beganoaren seigarren edizioa eta bertan izan dira Borja Olazabal Garapen Jasangarritasun ordezkaria; Monica Pedreira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko zuzendaria; eta Maialen Gaztañaga, Be Veggie jaialdiaren zuzendaria. Produktu beganoak gero eta gehiago erostea ez dela fenomeno isolatu bat, nazioarteko tendentzia baten parte dela azaltzen hasi du agerraldia Gaztañagak. “Osasunari buruzko kezkak, animalien ongizateak eta ingurumenaren jasangarritasunak bultzatutako tendentzia da” zehaztu du. Aldaketa klimatikorako ezinbestekoa dela aldaketa hau defendatu du zuzendariak.
Edizio honetan 60 erakusketari egongo dira; 48 enpresa, elikadura, moda eta kosmetika beganoa eskainiz; zazpi aterpetxeak eta santutegiak izango dira; eta bost janari furgoneta. Postu horien jatorria ezberdina da eta datuetara jota Herrialde Katalanetakoak %18,97 dira, eta Madrilgoak %8,62. Horrez gain, Andaluzia, Aragoi, Extremadura, Galizia, Gaztela Mantxa, Kantabria eta Murtziatik ere gerturatuko dira.
Jaialdi honen bereizgarria bertan eskaintzen den guztia animali esplotaziorik gabekoa dela da. Elikadura guztiz begetala da, kosmetika natural eta beganoa, jantzi iraunkorrak. Be Veggien eskaintzen diren produktuen atzean dagoen pertsonak ezagutzeko aukera eskaintzen dela azaldu du Gaztañagak. Postu bakoitzean azken joerak eramango dituzte.
Horrez gain, 40 jarduera baino gehiago programatu dituzte, eta bertaratzen direnek liburu aurkezpenak ikusi ahalko dituzte, zuzeneko sukaldaritza beganoaren erakustaldiak ikusiko dituzte; yoga saioetan erlaxatuko dira, eta aukera gastronomiko %100 begetalak dastatuko dituzte. Sorpresak ere egongo direla aurreratu du zuzendariak. Halaber, musikaz gozatzeko aukera ere egongo da eta honako artistak igoko dira Ficobako oholtzara: Ekin Torner; Ane Leux; Mariadrila; Lua Matheus; Ainhoa Etxezarreta, Pilar Sanchez eta Lucia Maule.
Programazioko hainbat jarduera nabarmendu dituzte. Hizlarien artean, Amanda Romero, Veganuary Espainiako zuzendariarena aipatu du Gaztañagak, Malditos Veganos podcasta zuzenean igorriko baitu. Saio honen protagonistak Sylcred (Sergio Guallar), Sekiam (Miguel Marti) eta Miriam J. Lastra izango dira.
Berritasun bat izango du jaialdiak eta Espainiako V-Label sariak izango dira. Sari hauek Espainiako Batasun Begetarianoak (UVE) , Espainiako Estatuan produktu beganoak ziurtatzen dituen elkarteak banatzen ditu eta haiek erabaki dute Be Veggie jaialdia izatea sari banaketa egiteko kokalekua. Aurten berrogei hautagai daude saria jasotzeko, marketina eta marka, berrikuntza, jasangarritasuna eta kontsumitzaileen kuttuna kategorietan. Abenduaren 7an izango da saioa.
Emaus Gizarte Fundazioarekin elkarlanean arituko da Be Veggie jaialdia ere eta Nik berrerabiltzen dut, eta zuk? kanpaina aktibatuko dute. Asmoa, parte hartzaileek erakusketarietako batean instalatutako edukiontzi batean arropa uztea da. Ekimen honetara gerturatzen direnei ekonomia sozial eta zirkularraren onuren berri emango zaie. Emandako arropari bigarren bizitza bat emango diote eta ondoren Emausen sei dendetan jarri salgai (Irunen, Arrasaten, Donostian, Errenteria-Oreretan, eta Hernanin).
Jaialdirako sarrera doakoa da, baina jardueretan parte hartzeko izena eman beharra dago. Horretarako, jaialdiaren orrialdean sartu behar da. Orrialde honetan 60 postuen gaineko informazioa topa daiteke ere.