Amaia KZren irudia modernizatzen ari dira
Kultur zentroaren irisgarritasuna, ekipamendu eszenikoa eta irudia berritzen ari dira. Amaia KZ XXI. mendean sartu dela adierazi du Kultura ordezkariak.
Amaia KZn udatik hona hobekuntza lanak egiten ari dira eta nagusiki ekipamendu eszenikoa eta irisgarritasuna hobetzen ari dira. Bertara bisita egin dute gaur Nuria Alzaga Kultura ordezkariak eta Jon Ugarte Obretako ordezkariak eta lanak zuzenean ikusi ahal izan dituzte.
Lan hauei esker, kultur zentroa “XXI. mendean ” sartu dela adierazi du Alzagak eta jauzi hau “oso aurrerapauso kualitatibo handi” gisa baloratu du. Makinaria eszenikoa eta argiztapena hobetuta, ikuskizunek are hobeto eskainiko dira agertokian. Ekipamendu publikoetako irisgarritasuna hobetzeko udalaren konpromisoa berretsi nahi izan dute bi udal ordezkariek gaurko bisitarekin ere.
Auditoriumerako ekipamendu eszenikoa hornitzeko eta instalatzeko 578.188,44 euroko aurrekontua baliatu dute. Horrela, ekipamenduaren teknologia eguneratu dute, eta ikuskizunen ekoizpena eta kalitatea hobetu dituzte ere. Alde batetik, egitura eta mekanika eszenikoak berritu dituzte–eskuzko hagak eta haga motordunak, motorrak, fokuak jartzeko poleak eta gainontzeko makineria eszenikoa–. Ehun-gaiak ere aldatu dituzte eta oraingoak suaren kontrakoak dira.
Agertokia argiztatzeko azpiegitura osoa berria da ere, baita ikus entzunezko sistemak ere. Foku zaharren ordez orain askotariko LED fokuak jarri dituzte. Teknologia eszenikorik berrienetara egokitzea izan da aldaketa hauen xedea.
Irisgarritasuna hobetzeko ekipamendua instalatzeko aurrekontua 38.597,07 eurokoa izan da. Orain, Pio XII plazako sarreretan ate arinagoak jarri dituzte, eta arrapala eta baranda berriak ere eraiki dituzte.
Sarreretako seinaleak eguneratu eta modernizatu dituzte ere eta horretarako NextGeneration funtsetako 18.149 euroko diru poltsa erabili dute. Eguneratze eta modernizatze hauen ondorioz, irisgarritasuna, autonomia eta segurtasuna hobetu dituzte.