Aldarriz betetako tximeleta moreak
Hondarribiko hiru eskolek bat egin dute Emeki elkarteak antolatutako Tximeletak Sarea Osatzen egitasmoarekin. Tximeleta moreak "errespetua, askatasuna eta indarkeriarik gabeko etorkizunaren" sinboloa dira.
Egun bat beranduago egin behar izan dute Emeki elkartekoek Tximeletak Sarea Osatzen egitasmoa, atzoko euriteek Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean egitea galarazi baitzuen. Aldaketak, ordea, ez du aparteko eragozpenik sortu, urteko egun guztiak direlako indarkeria gaitzesteko eta haren kontra borrokatzeko egunak.
Goizeko 11:00etan heldu dira lehenengo gazteak tximeleta moreak esku artean zituztelarik. Banan-banan eskola bakoitzari zegokion sarean zintzilikatu dituzte. Tximeletak “errespetua, askatasuna eta indarkeriarik gabeko etorkizunaren” sinboloak dira eta zenbait egunez izango dira ikusgai Martxoak 8 plazan. “Bizi nahi dugu, indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da, ez gara jostailuak edo nekatuta gaude” dira haur eta gazteek egindako aldarriak.
Aurten, iaz bezala, hiru eskolek parte hartu dute egitasmoan. Emeki Elkarteak eskola bakoitzeko hezkidetza taldeko arduradunari luzatzen dio proposamena eta aurten tximeleta moreak egitea eta horietan esaldiak idaztea proposatu zuten.
Tximeletak Mirabal ahizpen historiaren oroigarri dira. Dominikar Errepublikako ekintzaile politikoak ziren eta Rafael Trujillo dominikar gobernariaren aginduz erailak izan ziren 1960ko azaroaren 25ean. Hiru ahizpak tximeleta ahizpak bezala ziren ezagunak, eta horregatik, genero indarkeriaren aurkako sinbolo bihurtu dira, “beren hegaldiekin indarkeriaren biktima diren eta izan diren emakume guztiei aitortza egiten die” adierazi dute.
Ikus gaur goizeko zenbait irudi: