Ribera bekara hilaren 27tik aurrera aurkez daiteke
Bekaren diru kopurua handitu dute edizio honetan. Lanak aurkezteko epea abenduaren 26ra artekoa da.
Ribera bekari eutsi dio beste urte batez Irungo Udalak eta jakinarazi dute bihartik aurrera (hilak 27) eta abenduaren 26ra arte proposamenak aurkeztu ahalko direla. Espainiako estatuan ez dagoela halako bekarik azaldu du Nuria Alzaga Kultura ordezkariak; ikerketa bat egin behar da hainbat diziplinatik begiratuta, hala nola, geografia soziologia, nazioarteko harremanak edo ingurumen zientziak.
Ikerketa horren Bidasoa ibaiaren eta bere eragin eremuaren bueltako mugaren eta memoria historikoaren kontzeptuei heldu behar die. Azken emaitzak, aldiz, artistikoa behar du izan. Gaurko agerraldian nabarmendu dute bereziki baloratuko dutela dimentsio soziala duten eta parte hartzeko prozesuak proposatzen dituzten ideiak.
Beka honi esker, ibaiaren inguruari buruzko jakintza aberasten dela azaldu du Alzagak. Halaber, alderdi artistikoa ikerketarekin nahasteko moduak “berezitasuna bertute” bilakatzen dela uste du udal ordezkariak eta horregatik dela beka hau hain berezia berretsi du.
Tandem formatuan ere eska daiteke beka eta hori da beka honen berezitasunetako bat. Izan ere, tandema osatzen duten bi pertsonen profilak ordezkatzen dute alde artistikoa eta gizarte zientzien esparruko ikerketa.
Beka aurkezteko interesa dutenek aurreproiektu bat aurkeztu beharko dute haien eskaeran, eta aurreproiektu horretan, besteak beste, izenburua, ikerketaren kontzeptua, metodologia eta kronograma jasoko beharko dituzte. Horrekin batera, portfolio gisa egindako proposamen artistikoen memoria bat ere txertatu beharko dute. Oinarri guztiak udalaren orrialdean kontsulta daitezke.
Bi beka
Aurtengo edizioan bekaren diru kopurua hazi egin da; aurrekoetan 9.000 euro baziren, oraingoan 11.250 euro izango dira. Eskaerak egiteko HAZ bulegoetara (San Martzial kalea, 2) edota Irungo udalaren egoitza elektronikora jo behar da.