Baratze parkerako eskaeren zerrendak publikatu dituzte
Esleipenen zozketa egin aurretiko zerrenda da argitaratu dutena. Zozketa, berriz, abenduaren 16an egingo dute, 12:00etan.
Irungo Baratze Parkeko baratzak kudeatzeko zozketarako behin betiko zerrenda burutu du udalak eta udalaren orrialdean kontsulta daiteke. Eskaintzen diren baratza kopurua baino gehiago izan da eskaria; 278 eskaera egin dira. Orain, zozketa publikoa egingo du udalak abenduaren 16an, astelehenean, 12:00etan, Irungo udaletxeko areto nagusian.
Egun berean esleipendunen behin behineko zerrendak eta itxarote zerrenda argitaratuko dute udalaren iragarki taulan eta udalaren orrialdean. Bi zerrendetako batean dauden pertsonek erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte, hamar eguneko epean eta argitaratu ondoko egunetik aurrera.
Zozketaren bidez esleipena lortu dutenek, esleipena onartu edo ukatu beharko dute eta horretarako hiru laneguneko epea izango dute. Uko egitea idatziz egingo da eskaerak aurkezteko ezarritako modu berdinean.
Behin behineko esleipendunak behin betiko bilakatuko dira behin erabilera tasa ordaindu eta fidantzaren gordailua egin ondoren. Baratza onartu edo ukatu ezean, baratza libre geratuko da eta itxarote zerrendaren hurrenkerari jarraiki esleipen berri bat egingo dute.