Zaisa Txingudik ezin izan du Sortzenen aurka
Lasarte-Oriako zelaian jokatu dute asteburuan eta 87-7 galdu dute. Bi asteburuz deskantsua izango dute Txingudikoek.
Lasarte-Oriako Michelin zelaian jokatu dute joan den asteburuan Zaisa Txingudiko jokalariek eta markagailuan 87 eta 7ko porrotarekin itzuli ziren etxera Bidasokoak.
Indar eta gogo askorekin sartu ziren Plaiaundikoak berdegunera, eta lehenengo jokaldian entsegu eremura iristea lortu zuten aurrelariek jokatutako zigor kolpe baten ondoren. Julen Iglesiasek aurkarien plakaketak desegitea lortu zuen lehenbiziko bost puntuak lortzeko. Ondoren, Lutxo Etxebarriak eraldaketa sartu zuen 0 eta 7koa markatuz. Dena den, ez zuen luze iraun Zaisa Txingudiren aldeko abantailak, bi minutu geroago, Sortzenek berdineka lortu zuen (7-7).
Hurrengo mintuetan, defentsan gogor aritu ziren Txingudikoak, hiru jokalari gutxiagorekin aritu zirelako eta horrek eragindako hutsunea bete behar zutelako. Pixkanaka, Sortzenek bere nagusitasuna erakusten joan da eta puntuak gehitu zituzten atsedenaldira iritsi aurretik (38-7).
Bigarren zatian, Txingudiren defentsak sasoi onean jarraitu zuen, erasoak geldituz eta kontzentrazioa mantenduz. Aurkariak ezin izan zuen diziplina mantendu eta, ondorioz, bi txartel hori jaso zituen bigarren zatiko lehenengo erdialdean. Azkeneko hogei minutuetan, fisikoki behera egin dute Camarero eta Muñozen mutilek, bost asteburu jarraian eta hain jokalari gutxirekin egin behar izateak ondorioak izan zituen eta hainbat jokalarik ezin izan zuten norgehiagoka amaitu.
Sortzenek egoera baliatu zuen puntuak gehitzen joateko, guztira zazpi entsegu eraldatu lortuz bigarren zatian zehar. 87 eta 7ko emaitzarekin, Lasarte-Oriakoek bost puntu gehitu zituen sailkapenean beheko postuetatik urrunduz. Zaisa Txingudik behar beharrezko atsedena izango du hurrengo bi asteburuetan.
Iñigo Camarero Taus eta Leire Muñoz Caoren aginduetara Aitor Asurmendi, Iñaki Lantxo, Aritz Rodriguez, Xabi Sanchez, Jeno Kocsis, Julen Iglesias, Hector Pescador, Ekain Hiribarren, Lutxo Etxebarria, Juan Carlos Lora (kapitaina), Odin Gutierrez eta Alberto Robleda aritu dira Lasarte-Oriako Michelin zelaian.
Mattin Petrikorena, Euskadiko selekzioarekin Kataluniaren aurka
Txingudi/Baztan sub 16 taldeko aurrelaria, Mattin Petrikorena, Euskadiko selekzioarekin jokatzeko deitu diote Kataluniaren aurkako partidarako.