M8 Adanblada Feminista: "Ez bazara konponbidea arazoa zara"
Sastraka Gaztetxeak euskaratutako abestia kantatu eta performancea egin dute M8 Bidasoko Asanblada Feministako kideek.
M8 Asanbladak deitutako deialdiarekin bat egin dute zientoka Hondarribiarrek. “Euren jabetzako objektu direla uste duten gizonek egindako hilketak, bortxaketak, umiliazioak eta abusuak” salatzeko elkartu dira Martxoak 8 plazan. “Ez bazara konponbidea arazoa zara” gogoratu dute.
Hamabost minutuko elkarretaratzea egin ondoren, Sastraka Gaztetxeak euskaratutako Azaroak 25 abestia kantatu dute, Nagore Laffagen izena bertan txertatuz –Bertsio originala Vivir Quintana talde mexikarraren Canción sin miedo abestia da–. Segidan, M8 Asanbladako kideek performancea egin dute.
Bost emakumeren erailketak irudikatu dituzte: haiek pairatutako sufrimendua, une batez mundua geldiarazten duen erailketaren oihartzuna eta egun batzuen ondoren gizartean errotuta dagoen errutinaren “normalitatea” salatuz; noski, hurrengo erailketa heltzen den arte. “Ez gara objektuak!” oihukatu dute. “Nazkatuta gaude, ez gaude bakarrik, bat ukitzen baduzu denak aurrean izango gaituzu” esanez jarraitu dute, sistema heteropatriarkalari hortzak erakutsiz eta eraso sexistak gelditzeko eskatuz. “Gora borroka feminista” oihukatu dute azkenik, ozen, gaurkoa bezalako egun baten –Bortizkeria Sexisten Kontrako Nazioarteko Eguna– beharrik ez dagoen gizarte baten alde.