Irungo ikastetxeek indarkeria matxistarik gabe bizi nahi dutela aldarrikatu dute
Zabaltza plazan elkartu dira eta indarkeria matxistari aurre egitea eguneroko lana dela ozen aldarrikatu dute. Gaurkoa azken elkarretaratzea izatea eskatu dute.
Zabaltza plazan elkartu dira gaur Irungo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleak, Plaiaundi eta Pio Baroja institutuko ikasleak, eta El Pilar ikastetxeko ikasteak, eta ekitaldi baten bidez indarkeria matxista kondenatu dute.
Argi esan dute gaurko eguna ez dela ospatzeko eguna, ez dela jai eguna, eta oraindik ere “tamalez” inoiz ezagutu behar ez ziren “egoera triste eta gogorrak” iristen direla deitoratu dute. “Gizartean bizirik dagoen errealitate latz eta gordina plazaratzeko eguna da eta guk DBH eta DBH ondoko bigarren hezkuntzako Irungo ikastetxeko ikasleok eta irakasleko manifestu hau lau haizetara zabaldu nahi dugu” esan dute.
Indarkeria matxistari aurre egitea “eguneroko lana” dela oroitu dute eta ozen aldarrikatu dute ez dutela horrelako indarkeriarik nahi eta ez dutela onartzen. Emakumeen kontrako indarkeria sistematikoa dela azaldu dute eta horregatik irten direla kanpora zehaztu dute. “Horregatik, zuri, niri, gizon, emakume, pertsona guztiei, ahotsa altxatzea tokatzen zaigu indarkeria matxista gure gizartetik kanporatu arte, uste sendo sakonago batetik: indarkeria matxistarik gabe bizi nahi dugu. Gaur eta egunero”.
Sare sozialetatik, “zoritxarrez” geroz eta sarriago jasotzen dituzte ikasleek indarkeria matxistaren inguruko mezu negazionistak eta horren aurrean sare sozialak modu eraikitzailean eta pentsamendu kritikoa oinarri erabiltzea sustatu dute irakurraldian. Ohartarazi dute indarkeria matxista ukatzea, haren alde egitea dela eta hori onartezintzat jo dute.
Gizarte justuago baten alde borrokatzeko feminismoa dutela tresnarik preziatuena adierazi dute. Feminismoa denen mesederako dela esan dute jarraian eta denek hori barneratzea “ezinbestekotzat” jo dute. “Horretan indarra jarriko dugu” esan dute tinko.
Txiki-txikitatik berdintasunean hazteko beharra ozen aldarrikatu nahi dute ere, eta ikusarazi nahi izan dute feminismoa ez dela “emakumeen gauza bat”, feminismoa ez doala inoren kontra.
Horregatik, udaletxeko ordezkari publikoei, ikastetxeetako arduradunei, hezkuntza sistemaren eragileei eta elkarte feministei eskatu diete emakumeek beldurrik gabe bizi ahal izatea. Halaber, indarkeria matxista identifikatzeko, prebenitzeko eta esku hartzea egiteko formakuntzak galdegin dituzte. Genero indarkeriaren biktimentzat ere babesa, laguntza eta baliabideak jartzea eskatu dituzte.
Azkenik, gaurko elkarretaratzea azkena izatea nahi dute Irungo ikasleek, baina biktima bat gehiago dagoen bitartean, kalean jarraituko dutela indarkeria matxistari aurre eginez esan dute. “Gora borroka feminista! Elkarri babesa emanez, elkarri lagunduz eta elkarrekin, borrokan jarraituko dugu. Ezta bat gehiago ere!”.