Aretoa goraino beteta egin da Beldur Barik sari banaketa
Hirubide eta La Salle ikastetxeetako talde banak irabazi dituzte bi sariak. Aurtengoa lehiaketaren hamargarren edizioa izan da.
Iragan larunbatean banatu zituzten Beldur Barik lehiaketaren sariak, Ficoban. Aurtengoa hamargarren edizioa izan da eta Irunen ikasi edo bizi diren 12 eta 20 urte bitartekoen lanak saritzen dira.
Bi kategoriatan bereizten da lehiaketa; lehenengo kategoriako sari nagusia Hirubideko ikasle batzuk aurkeztutako Safari Feminista lanarentzat izan da. Aldiz, bigarren kategoriako sari nagusia Irungo La Salle BHI ikastetxeko ikasle batzuen Gizarte Matxista Metaforen Arabera lanarentzat izan da.
Bi talde sarituek 400 euroko saria jaso dute, eta lehiaketan parte hutsagatik 100 euroko saria jaso dute gainontzeko taldeek ere. Izan ere, lehiaketaren asmoa da neskek beraien bizitzako esparru guztietan egunero jasaten duten indarkeria matxistaren agerpenak ikusaraztea.
Ekitaldian Asun Casasola omentzeko asmoz sortutako bideo labur bat ere proiektatu zuten. Izan ere, aurten hamar urte bete ditu ere Asun Casasola ipuin lehiaketak, eta edizio honetan parte hartzeko ipuinak bidal daitezke jada.