Txingudi ikastola eta GI-636 inguruko zuhaitzen kimaketa eta mozketa
Txingudi ikastola parean eta GI-636 errepide alboan dauden zuhaitzak kimatu eta moztuko dituzte, ibilgailuentzat eta ikastola inguruko haurrentzat arriskutsuak direlako
Hondarribiako udalak Txingudi ikastola pareko eta GI-636 alboan dauden zuhaitzak kimatzea eta moztea erabaki du, eguraldi haizetsua egiten duenean ibilgailuentzat eta ikastola inguruko haurrentzat arriskutsuak direlako. Dirudienez, platanondoak landatu zituzten garaian ez zuten nahikoa distantzia ezarri bata bestearengandik, eta horrek zuhaitzok luze eta mehe haztea eragin du, pertsonen segurtasunerako arrisku nabarmen bat suposatuz. Haize bortitzarekin hainbat adar puskatu eta erori dira, dagoeneko hainbat istripu sortuz.
Egoera tentuz ikertu ondoren, udala zuhaitzekiko erabaki adeitsuena hartzen saiatu da, betiere herritarren segurtasuna bermatuz: 37 zuhaitz moztu, 99 zuhaitz kimatu eta 61 zuhaitzetan bestelako esku-hartzea egingo da. Lanak egiteko errepidearen parte bat moztu beharko dute, eta eguraldiak oztopatzen ez badu, datozen asteburuetan burutuko dituzte lanak: hilaren 23 eta 24an, hilaren 30 eta abenduaren 1ean.
Larunbatetik aurrera, inausketatik eratorritako egurra eskuragarri egongo da Jaizubia elkartearen inguruan.