'Madama Butterfly' opera klasikoa Irungo Amaia KZ aretoan
Giacomo Puccini konpositorearen 'Madama Butterfly' opera klasikoa aurkeztuko dute Amaia KZ aretoan, datorren asteburuan.
Datorren larunbat eta igandean, hilaren 30 eta abenduaren 1, arratsaldeko 19.00etan Madama Butterfly opera klasikoaren doinuek jantziko dute Irungo Amaia KZ aretoa. Giacomo Puccini konpositore italiarra da 3 ataleko tragedia honen sortzailea, eta Nagasakin (Japonia) joan den mendean jazotako gertakariak hartu zituen oinarri. Ikuskizuna Luis Mariano Koruak eta Luis Mariano Orkestrak burutu du. Zuzendaritza musikalaren gain Aldo Salvagno maisua dago, eta zuzendaritza eszenikoaren ardurapean, berriz, François Ithurbide. Interpreteei dagokionez, artista internazionalak ikusteko aukera izango dugu, hala nola: Héloise Koempgen soprano frantsesa, Kim Seonhyeong korearra eta Chengrui Li tenore txinatarra; baina Klara Mendizabal, Iker Casares edo Hodei Yáñez euskaldunak ere taularatuko dira.
Datorren ostiralean, 10.30etan, ikastetxeei zuzendutako entsegu bat egingo dute, eta 500 ikusle gazteren presentzia aurreikusten da.
Dagoeneko salgai daude sarrerak udaleko webgunean eta Luis Mariano turismo bulegoan. Bazkideentzat 25 euroan, bazkide ez direnentzat 32 euroan, eta 25 urtetik beherakoentzat, 10 euroan.