Lannahi egitasmoaren ikastaroa, urtarrilaren 7tik apirilaren 11ra
Izena emateko epea hilaren 25etik abenduaren 9ra izango da, eta izena online do autozerbitzu terminalen bidez eman daiteke.
Udal Euskaltegiak jakinarazi duenez, Lannahi ekimenaren hurrengo ikastaroa urtarrilaren 7tik apirilaren 11ra izango da. Helburua langabezian dauden pertsonen artean euskararen ezagutza sustatzea da, eta horrexegatik antolatu dituzte doako ikastaro horiek. Goizeko txandan izena ematen dutenek lau orduko saioa egingo dute; arratsaldekoek, berriz, hiru ordukoa.
Ikastaroan izena emateko bi aukera daude: internet bidez edo hirian zehar kokatuta dauden autozerbitzu terminalen bidez. Bigarren aukera horretarako Irun txartela edo ziurtagiri elektronikoak –NA elektronikoa, Izenpe txartela…– behar dira. Inskribatzeko epea hilaren 25etik abenduaren 9ra izango da. Izena emateaz gain, alabaina, euskara mailaren proba egin behar dute euskaltegian ez dabiltzan edo aurreko ikastaroan aritu ez diren ikasleek. 943 50 52 73 zenbakira deitu behar da hitzordua eskatzeko.
Bestalde, ikastaroa doakoa izateko baldintza hauek bete behar dira:
- Lanbiden lan eskatzaile bezala inskribatuta egotea.
- Langabezian egotea, %50 edo gehiagoko aldi baterako enplegu erregulazioko espedientean egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren %50 ez gainditzea.
Programan sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten hiritarrek ikastaro trinkoak egin ahal izango dituzte ohiko matrikula ordainduz. Gainera, urrian martxan jarritako arratsaldeko astean bitako taldeetan ere izena eman ahalko dute. Ordaindutako kopurua udalak urtero ateratzen duen beka deialdiaren bidez berreskuratzeko aukera izango dute ikasleek.