Laborda Arbesera hurbilduko da, 'Alkatea Auzoetan' programari jarraiki
'Alkatea Auzoetan' programaren hurrengo geldialdia Arbes da. Bertara hurbiluko da Cristina Laborda, auzotarren kezka, iritzi eta ideiak entzuteko.
Datorren asteazkenean, hilaren 27, Arbes auzoko bizilagunek Cristina Laborda alkatearekin hitzordua izango dute. Arratsaldeko 17.00etan Laborda auzoan zehar ibiliko da auzo-elkarteko kideek lagunduta, eta 19.00etan bilera egingo dute elkartearen egoitzan (Arbesko Errota, 13).
‘Alkatea Auzoetan’ programari jarraiki, alkateak hilean behin auzo bat bisitatuko du. Dagoeneko Behobian, Urdanibian, Lapitze-Elitxun eta San Migel auzoetan egon da. Oraingo honetan ere, euren proposamenak eta iradokizunak helarazi nahi dituzten auzotarrek aukera izango dute telematikoki komunikatzeko, horretarako udaleko webgunean gaituko den espazioaren bidez. Bisita bakoitzaren ondoren, auzo bakoitzak astebeteko epea izango du proposamenok egiteko, eta udala horien harira hartutako konpromisoen betetze-mailari buruzko informazioa ematen joango da.
Azken bisita pasa den urrian izan zen, San Migel auzoan, eta udalak hartutako konpromisoen artean honako hauek nabarmentzen dira: zonaldean poliziaren presentzia handitzea, patineteek eta bizikletek araudia bete dezaten zirkulazioarekiko zaintza areagotzea eta faroletan baztertutako bizikletak kentzea.