Ikasleek, indarkeria matxistari aurre
Hezkidetza batzordeak ikastetxe publiko guztietan daude, legez. Berdintasuna hezkuntzan txertatzeko helburua dute batzordeek, eta ikasgai guztietan zeharkako lana egitea da erronka nagusia.
Hezkidetza batzordeak ikastetxe publiko guztietan daude gaur egun, legez Eusko Jaurlaritzak hala eskatzen duelako. Jaurlaritzaren arabera, hezkidetza neska eta mutilen arteko berdintasuna modu espezifikoan eta aldi berean zeharkako ardatz gisa txertatzea bereizgarri duen hezkuntza da.
Bide horretan, ikastetxe publiko bakoitzak bere batzordea du eta Irunen kasuan hiri mailako hezkidetza mahaia ere badute. Horren parte dira udala eta ikastetxe guztietako hezkidetza taldeetako arduradunak; hainbat hilabetean behin bildu ohi dira. Toki Alaiko Gazteluzar ikastetxea batzorde horren parte da, Laura Gonzalez irakaslearen gidaritzapean. Hura, eta beste hiru irakasle ere badira talde horren parte, tartean, Isabel Gebara; eta boluntarioki parte izatea hautatu duten 60 ikasle ere kide dira. Gonzalez eta Gebararekin elkartu da hitza, ikastetxean dituzten erronkez eta egiten duten lanketaz hitz egiteko.
Badira mugarri diren egun batzuk egutegian biribilduta daudenak, hala nola, azaroaren 25a edota Martxoaren 8a. Egun horiei begira lanketa egitera mugatu daiteke hezkidetza, baina Gonzalezek argi du horiek «egun puntualak» direla, eta erronka nagusia hezkidetza ikasgai guztietako curriculumean txertatzea dela. «Egun batera begirako lanera mugatzen bagara, hezkidetzak egunerokotasunean ez luke eraginik izango», adierazi du. Dagoeneko hainbat urte darama Toki Alaiko hezkidetza batzordeak lanean, baina hizkuntza sexista ikasgeletan oraindik badagoela deitoratu du Gebarak; «hori da erronkarik zailena, ikasleen egunerokoan horri buruzko gogoeta egitea».
Legearen arabera ikasgai guztietan egon behar da txertatuta hezkidetza, eta horregatik tutoretza saioetatik harago joatea da asmoa. Oraingoz, 1. eta 2. mailako DBHn, tutoretza saioetan egiten dute lanketa, baina 3. eta 4. DBHn jauzia egin eta ikasgai guztietan zeharkako lanketa egiteko hautua egina du Gazteluzarrek. Bada, eguneroko klaseetan berdintasunari lotutako lanketak egiteko zirimiriaren teoria baliatzen ari dira.
Izan ere, berdintasunari edota indarkeria matxistari buruz hitz egiteko tarte bereziak eskaintzean, «erresistentzia» edota «nagikeria jarrera» batzuk topatu zituzten, eta orain, ikasgai guztietan ariketen edota testuen bidez eredu feministak txertatzen saiatzen dira. Hala, esaldiei bueltak ematen dabiltza, esate baterako: «Esaldi batean mutilak futbolean jokatzen du jartzen badu, neskak futbolean jokatzen du esatera aldatzen dugu, adibide bat jartze arren». Beste adibide bat ere jarri du, eta zientzialari emakumeak ezagutzeko sortu zuten karta jolasa aipatu dute biek ala biek. Dena den, euren zeregina ez dela hain erraza gaineratu du Gebarak, irakasleek «ildo asko» dituztelako lantzeko eta klase bakoitzaren egoera ezberdina delako. Haien xedea da oinarrizko jakintzekin ikasleak jabetzea feminismoari lotutako borroka ez dela «egun puntualetako gauza».
Dekalogo feminista
Jaurlaritzak hezkidetza lantzeko baliabideak eskura jarrita dituen arren, Toki Alai ikastetxean baliabide propioen aldeko apustua egin dute. Hartara, bi urte dira dekalogo feminista sortu zutela. Horretarako hezkidetza batzordeko ikasleekin elkartu ziren hausnartzeko eta jakiteko ea zein gabezia topatzen zituzten eskolan hezkidetzari eta LGTB gaiei dagokienez. Dekalogoa ikastetxeko korridoreetan eta bestelako euskarrietan dute eskura ikasleek. Era berean, DBH hasi berri dutenen ikasgeletan ere dekalogoaren bueltako lanketa berezia egiten dute, «eskubideak eta aukerak, edota baliabideak zein diren jakiteko». Dekalogoaren bukaerako mezua honako hau da: ez izan beldurrik ikastetxe feministari; ez izan beldurrik feminismoari eta informatu zaitez. Feminismoaren definizioa ere jaso dute dekalogoan.
Aurtengo Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean egingo duten elkartzearen harira, maila bakoitzean gai desberdinak landu dituzte, eta DBH2n indarkeria matxistaren eskailera landuko dute. Lehenbiziko eskaileretan indarkeria matxistak harremanetan nola eskalatzen duen ikusten da, eta bi irakasleek adierazi dutenez, «oso ohikoa» da ikasleen artean eskaileraren beheko parteko jarrerak ez identifikatzea. Jarrera horiek kontrolarekin, janzkerarekin edota isolamenduarekin lotutakoak dira. «Goiko partekoak, hilketari edota indarkeria fisikoari lotutakoak, bai identifikatzen dituztela, baina bestelako jarrerak ez», zehaztu du Gebarak. Zaila egiten zaie lanketa, «oso onartuta eta barneratuta» dituztelako jarrera horiek, eta hori maitasun erromantikoaren mitoarengatik dela uste dute. Horregatik, harreman osasuntsu batean zerk ez duen egon behar jakitea da maila horretan landu nahi dutena, «kontzientzia garatzeko eta identifikatzen jarraitzeko».
Txingudiko Elkarte Feministarekin, Lahia 3.0 elkartearekin eta Hiruki Larrosarekin ere elkarlanean aritu dira. «Saiatzen gara arazoa planteatzen, baina horri soluzioak bilatzen bukatu behar dugu», azaldu du Gebarak. Etxera bakarrik itzultzeko beldurraz aritu ziren iaz laugarren mailako ikasleekin, eta etxera bueltatzeko taldetxoak sortzea izan zen proposamenetako bat. Gonzalezek erantsi du mutilei begira ere jartzen direla, eta hainbat galdera mahai gaineratzen dituztela: zergatik senti daiteke urduri neska bat mutil bat atzean baldin badu?; zer egin dezaket nik beldur hori lausotzeko?; normala al da beldurra sentitzea?