Etxebizitza, kirol-azpiegiturak eta auzoak: EH Bilduren aurrekontuen helburu.
EH Bilduk etxebizitza eskubidea bermatzeko, kirol-azpiegiturak hobetzeko eta hiri deszentralizatu baten aldeko 2025eko aurrekontu-proiektua aurkeztu du.
EH Bilduk 2025eko udal aurrekontu-proiektua aurkeztu du, etxebizitza, kirol-azpiegiturak eta auzoen hobekuntza lehenetsiz. Guztira 9 milioi eurotik gorako proposamena egin du 2025 eta 2027 urte bitartean proiektuak burutzeko.
Etxebizitzari dagokionez, azken urteetan egoerak okerrera egin duela eta Irun eremu tentsionatua kontsideratu dela nabarmendu du. Horregatik, 2025.urtean merkatura ateratzen diren etxebizitzak udalak eros ditzala proposatu du, etxebizitza publikoak eraikitzen diren bitartean alokairuzko etxebizitzen parke publikoa handitzeko. Proiektu hau burutzeko 2 milioi euroko partida proposatzen dute.
Bestetik, hiri deszentralizatu baterako apustuan, auzoen bizi-kalitatea hobetu nahi dute. Horretarako, honako proposamena egin dute: Anaka, Landetxa, Behobia eta Artian auzo bulegoak ireki eta gizarte ongizate zerbitzua gerturatzea, Urdanibia Berriko haurtxokoaren jarraipena bermatzea, Dunboa eskolako patioa auzora irekitzea, Anakan plaza berria sortzeko azterlana, Korrokoitzeko eremu berria eta Arbes auzoa lotuko dituen zubia, edota Urdanibia plazako kapilla Kafe Antzoki bilakatzea.
Kirol-azpiegiturak direla-eta, hiriak aspalditik horien beharra duela eta udala jakitun den arren behar horri erantzunik eman ez diola salatu dute. Horregatik, hiriaren mendebaldean 3. kiroldegi bat eraikitzea proposatzen dute, baita Iparralde-Gal eremua birgaitu eta kirol-azpiegitura berriak egiteko proiektu baten azterlana ere.