Digitala bada ere, indarkeria da
'Autodefentsa digital feminista' tailerra eman du Torrekuan DonesTech-ek 'Sareak berresuratu eta berrasmatu' jardunaldiaren aitzakian. Mehatxu digitaletan ardaztu dute saioa.
Euskal Herria Digitala osatzen duten eragileek Sareak berreskuratu eta berrasmatu jardunaldia egin zuten Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna heltzear den honetan, hilaren 15ean hain zuzen. Hirugarrenez antolatu zuten ekinaldia, eta oraingoan emakumeen bizitzetan zinez presente dagoen alderdi bat landu nahi izan zuten: indarkeria matxistaren alderdi digitala. Errenteria-Oreretako Torrekuan izan da topagunea, eta bertan Autodefentsa digital feminista tailer praktikoa eman zuen DonesTech-ek.
Tailerrean mehatxu digitalen identifikazioari eta horiek sor ditzaketen ondorioetan jarri zuten arreta berezia. Are, arrisku egoerei aurre egiteko prebentzio eta erantzun estrategiak ere landu zituzten.
DonesTech Herrialde Katalanetako kolektibo bat da, eta emakumeen eta IKTen –Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak– arteko harremanetatik abiatuta ikerketak egiteaz arduratzen da batez ere. Hots, emakumeekin eta emakumeentzat ekintzak formulatu, aztertu eta garatzen dituzte. Urteak daramatzate lanean, eta proba eta saiakerak eginez ziberfeminismoaren gaineko ikerketa garatu dute.
Ona izeneko emakume batek gidatu zuen saioa, DonesTech-en izenean. Ez zuen bere burua apenas aurkeztu. Pribatutasuna mantendu nahi izan zuen kataluniarrak, eta ez da ziurra Ona izena duenik ere. Abizenik aipatu ere ez zuen egin. Ona, beraz, hitzaldiaren gidaria. “Anonimotasunaren eta pribatutasunaren maitalea” giza eskubideen aldeko aktibista da hainbat alorretan, bai Interneten eta baita kalean ere. 2000. urtean hasi zen software librea erabiltzen, eta gaur egun gaiaren gaineko hitzaldiak ematen ditu, uste baitu software librearen ezagutzak gizateriaren eskura egon behar duela.
Alabaina, beste hiru emakumeri eman zien erreleboa hitzaldiaren zenbait zatitan, ez baitzen bera tailerreko aurkezle bakarra. Diana Franco Eguren, Maider Likona eta Ainhoa Kaltzakortak ere hartu dute hitza saio praktikoan.
Francok Baratza Digitala jarri du martxan, eta bertan hausnarketak eta ikasketak partekatzen ditu bizitzaren eta teknologiaren inguruan. Azken bost urteetan bazterkeria, bortizkeria eta arrakala digitala pairatzen duten pertsonekin dihardu.
Likonak, aldiz, informatika ikasketak egin zituen, eta 2005ean GISA elkartea sortu zuen, software eta ezagutza libreak sustatzeko asmoz. Gaur egun GISA Sarean Euskaraz proiektuan dabil, besteak beste, gazteak teknologia eta euskarara hurbiltzeko helburuarekin.
Azkenik, Kaltzakorta. Irakaslea da hura, eta hezkuntzan teknologia digitalen egoerak arduratuta hurbildu zen software librearen eta teknologia burujabetzaren ingurura. Gaur egun, Hezkuntzan Librezaleko parte da.
Espazio seguruaren garrantzia
Torrekuako aretoko pantaila piztu zuen Onak, eta software libre batean egindako aurkezpen bat jarri zuen bertaratu zirenen bistara. Hitzaldia hasi zen, baina kontzeptuetan sakondu aurretik DonesTech-en lana goraipatu zuen: “Indarkeria matxista digitalei buruzko ikerketa bat egin genuen DonesTech-en, eta horrek Kataluniako Parlamentua presionatzeko eta munduan indarkeria matxistak aipatzen zituen lehen legea egiteko balio izan zuen”.
DonesTech-ek hamaika proiektu egin ditu, baina bada bat Ona harro sentiarazten duena: FemBloc-ekin duten elkarlana. Irabazi asmorik gabeko iniziatiba feminista da, eta indarkeria matxista digitalak prebenitu, antzeman, artatu eta konpontzen ditu.
Zehatzagoak izate aldera, arreta feministako lerro bat du FemBloc-ek, eta laguntza eta aholkularitza eskaintzen die ondoko kolektiboei: indarkeria LGBTIQ+fobikoak, indarkeria matxista digitalak eta gorroto diskurtsoak pairatzen dituzten emakumeei; indarkeria LGBTIQ+fobikoak, indarkeria matxista digitalak eta gorroto diskurtsoak pairatzen dituzten gizarte zibileko erakunde edo kolektiboei; biolentzia motaren bat pairatzen ari den pertsonaren lagun, senide eta ingurukoei; eta indarkeria matxistei arreta emateko zirkuluan aholkuak jaso nahi dituzten profesionalei.
Zuzeneko arreta nahiko balu norbaitek, fembloc.cat webgunean azaltzen dira eman beharreko pausu guztiak.
Azaleko kontzeptuak azaltzeari ekin zion Onak. Azalekoak behintzat tailerrean lau emakumeek azaldu zituzten terminoekin alderatuta. Segurtasuna eta pribatutasuna hitzekin hasi zen lehenbizi. “Imajinatu etxeko leiho bat. Segurtasuna da inor ezin dela leihotik zure espaziora sartu. Pribatutasuna, berriz, leihoan gortina batzuk izatea da. Horrela inork ezin du gela barruko informazioa barrutik kanpora atera”.
Hamaika biolentzia mota
Hainbat dira biolentzia digitalak, baina DonesTech-ek egindako inkestetatik ondorio garbi bat atera du, biolentzia digital ohikoena bikotekide ohiaren eskutik datorrela. Hiru fasetan banatu ditu Onak biolentzia horiek: banandu aurretik ematen dena, banaketak irauten duen bitartekoa, eta banandu ondorengoa. Desconecta de tu ex atariak gidaliburu bat garatu du kasu horietan nola jardun jakiteko.
Horren aurrean, badu zer esana ikerlariak: “Ingurune digitala oldarkorra da batez ere emakumeentzat, pertsona arrazializatuentzat eta baita genero aniztasunarentzat ere. Sareak mekanismo zehatzak behar ditu diskriminazioa erradikatzeko, elkar babesteko eta erasoei erantzuteko”.
Autodefentsa digital feminista da eraso horiei aurre egiteko gakoa, eta ahalduntze informatikoa izan zen, ondorioz, saioan landu zutena. DonesTech-ek lau zaintza mota zehaztu ditu: auto-zaintza, talde zaintza, gailuen zaintza eta informazioaren zaintza. Horietan guztietan Onak gomendatu du, besteak beste, kontuetan pasahitz seguruak jartzea —kontu bakoitzeko pasahitz ezberdina, hogei karakterekoa eta urtean behin aldatzea—, lokalizazioa desaktibatuta dagoela ziurtatzea, segurtasun kopiak egitea, eta norberak erabiltzen ez dituen aplikazioak ezabatzea. Hala ere, erreminta guztiak zerrendatuta daude talde kataluniarraren webgunean.
Jendartean gehien errepikatzen den akatsetako bat da sare sozialetan identitate pertsonala eta identitate kolektiboa nahastea. Horren aurrean, tailerrean argi utzi zuten onuragarria dela bizitza pribaturako kontu pertsonal bat izatea, eta lanerako edo bestelakoetarako beste kontu batzuk sortzea.
Zein dira eraso matxista digitalak?
Hiru ataletan banatu ditu DonesTech-ek biolentzia matxista digitalak: sexu, genero eta jatorriarekin harremana dutenak; teknologikoak; eta eduki sexuala dutenak. Eta horrela jarraitu zuen Onak: “Sillicon Valleyko garatzaile zuri, matxista eta faxistek zergatik ezabatzen dituzte lau minutuan Instagrametik emakumeen titiburuak baina ez, aldiz, heriotza mehatxuak? Beraien moldeen arabera jokatzea eragiten dute erabaki horiek”.
Baimenik gabeko sarbidea edo kontrola; informazioaren kontrola eta manipulazioa; nortasuna ordezkatzea eta lapurtzea; gailuen kameretatik etengabeko kontrola; irainak; jazarpena; mehatxuak; baimenik gabe informazio pertsonala edo intimoa zabaltzea; estortsioa; teknologiekin lotutako sexu abusua eta esplotazioa; pertsona baten edo talde baten komunikazioak ezkutatzea eta teknologiarekin lotutako erasoak zigortzeko ekintzak ez egitea dira eraso matxista digital nagusiak.
Kataluniarrak garrantzitsutzat jo zuen norbere gailuetako aplikazioak zein diren ondo jakitea, eta noski, zerbait arraroa sumatuz gero pantaila argazkia atera eta ezabatzea gomendatu zuen. Berdin bikotekide ohiarekin komunean izandako gailuekin ere. Gailu edo kontu horiek zein diren zerrendatzea eta pasahitzak aldatzea gomendatu zuen.
Geolokalizazioarena da erasotzaileek praktikan jartzen duten beste metodoetako bat. Informazio pertsonala, edo irudiak lapurtzeko lokalizazioa erabiltzen dute, eta hori sare sozialen bidez, mugikor, auto, GPS edo tabletaren bidez egin dezakete. Betiere kontuan izanda kablerik gabeko entzungailu, eskumuturreko eta erloju digitalen bidez ere badutela informazioa lapurtzerik. Erasoak zein diren zehaztu ondoren, prebentziorako gakoak helarazi zituzten, beraz. Estrategia nagusietako bat sareetan informazio gutxi zabaltzea da. Haatik, kontrakoa egitea ere bada taktika erabilgarri bat: sare sozialetan izen antzekoa duten hainbat profil sortzean datza horrek; hau da, informazio askorekin ezkutatzea benetako informazioa. Ahalduntzea ere aipatu zuen, eta horretarako antibirusak erabiltzea, kamerak tapatzea, eta mugikorrentzat faraday gisako zorroak erabiltzea gomendatu zuen. Identitateak sakabanatuta mantentzearen egokitasuna gogorarazi zuen beste behin.
Erantzuteko estrategiak azaldu zituzten gero. “Lau pausu zehaztu ditugu; denak egin daitezke, edo bat bakarrik. Garrantzitsuena biktimaren erritmoa errespetatzea da”.
Auto zaintza eta konpainiarena da lehen pausua: hor segurtasun plan bat garatu behar da. Plan horiek digitalak, fisikoak eta psikosozialak izan daitezke. Bigarren fasea erasotzailearen informazioa biltzea da, eta horretarako pantaila argazkiak eta irudiak dira gako. Salaketa eta blokeoa lirateke hirugarren pausua, eta erasotzaileari aurre egiteko kanpaina bat sortzea azkena. “Isiltasuna hautsi behar da. Erakutsi zein den erasotzailea, bilatu euskarria sareetan eta zabaldu sareetan”.
Etengabe eguneratzen dute DonesTech webgunea, eta autodefentsa digital feministarako gakoak ematen dituzte bertan.