'Euskaratik etorkizunera' egingo du salto udalak
Euskararen Egunaren harira prestatutako egitaraua aurkeztu du Irungo Udalak. Doako zortzi jarduera dira eta Ficoban eta Oiasson egingo dira. Bertaratzeko gonbidapenak lortu behar dira.
Euskararen Egunaren harira, lau egunetako egitaraua ondu du Irungo Udalak eta honen aurkezpena egin dute gaur Oiasso museoan Jon Ugarte Euskara ordezkariak, eta Juanjo Jimenez Oiasso Museoko zuzendariak. Aurkezpenaren hasieran, Euskararen Egunaren jatorria Frantzisko Xabierkoa heriotzaren egunaren karietara ezarri zela abenduaren 3an gogoratu du Ugartek. “Txinako Shangchuan uhartea hil zen 1552an eta bere azken hitzak euskaraz izan ziren” oroitu du Ugartek.
Irungo Udalak 15 urte darama egun hau ospatzen eta aurtengoan Oiasso Museoarekin batera ospatuko dute eguna. Irunen euskara eta euskararen erabilera sustatzeko xedea duela udalak berretsi du Ugartek, eta hilaren 29 eta 30an, eta abenduaren 1ean, 3an eta 7an finkatu dituzte egunaren bueltako kultur jarduerak. Euskaratik etorkizunera da aurtengo leloa eta euskarari etorkizun bat bermatzeko beharrari egin nahi izan diote erreferentzia.
Egitaraua osorik albistearen bukaeran topa daiteke. Programazio guztia herritar guztientzat irekita dago baina bada proposamen bat ez dena irekia izango; Gaztelehia dinamika. Izan ere 4. DBHko ikasleei begirakoa da eta Irungo kaleetan zehar ibiliko dira euskara eta Iruni buruzko erronkak eginez.
Emanaldi guztietarako sarrerak lortu beharko dira eta horiek doan eskura daitezke. Ficoban egingo diren emanaldietarako sarrerak Irungo Udalaren orrialdearen bidez lortu beharko dira gaurtik aurrera. Banatu gabe geratuko diren sarrerak Ficobako leihatilan egongo dira eskuragarri emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago. Pertsona bakoitzak lau gonbidapen ahalko ditu hartu gehienez.
Oiasso Museoan programatu diren jardueretako sarrerak, berriz, museoan bertan jaso beharko dira museoaren ordutegiaren barruan. Kasu honetan, pertsona bakoitzak bi sarrera har ditzake gehienez. Museoaren ordutegia honako hau da: asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara, eta ostiral eta larunbatean 16:00etatik 19:00etara.
Hilak 29
- Ene Kantak Ficoban, 17:30ean.
Hilak 30
- Benta Zaharreko Mutiko Alaiak kantu jiran, Urdanibia plazatik San Juan plazaraino, 12:00etan hasita.
Abenduak 1
- Txistularien diana herrian zehar, 08:30ean hasita.
- Sexberdinak antzerkia Ficoban, 19:00etan.
Abenduak 3. Euskararen Eguna
- Oiasso Museoan bisita gidatua euskaltegietako ikasleentzat, 10:00etan. Euskara prestakuntza eta formakuntza indartzea da helburua.
- Gaztelehia dinamika Irungo 4.DBHko ikasleentzat, 11:00etan.
- Bakarrizketa Juncal Cepeda eta Olga Grandesen eskutik Oiasso Museoan, 19:00etan. Desgaitasuna duten pertsonen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekimena da.
Abenduak 7
- Jolastu nahi? antzerkia Oiasso Museoan, 12:00etan. Erromatarren garaiko jolasak ezagutuko dituzte.