Bi milioi eurotik gorako kreditu aldaketa egin du udalak
Dagoeneko onetsita dauden hainbat proiektuetan egingo dituzte inbertsioak, eta diru kopuru handiena, 1,5 milioi euro, Portzelanasen Gurutze Gorriaren lokal bat egokitzeko izango da.
Alkatetzaren ebazpen baten bidez 2.192.070,45 euroko kreditu aldaketa onartu du Irungo Udalak, 2024.urterako. Kreditu aldaketa honen arrazoia “irizpide jasangarriekin lerrokatzen diren konpromiso eta betebeharrei” erantzutea da, “betiere hiriko sektore eta eragileak bultzatuz”.
Udalak onetsita dituen hainbat proiektu bultzatuko dituztela azaldu dute: Dunboako pasabidearen konpontzea; Santiagotarrakeko pantalanaren garbiketa eta konpontzea; desugertzeko makina baten erosketa Txinzerrentzat; eta Portzelanasetan Gurutze Gorriarentzako lokala egokitzea. Azken proiektu honetan 1,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
Halaber, Mendibilgo azoka berritzeko eta kudeatzeko azterlana egitea kontratatu dute. Ikerketa honekin bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenarekikoa aztertuko dituzte, eta helburua “bertako merkataritza bultzatzen jarraitzea” dela azaldu du udalak.
Kreditu aldaketa hau baliatuko dute ere uraska berri bat egiteko baratze parkean, eta Eguberrietako argiak pizteko. Jasangarritasunari lotutako inbertsioak ere egingo dituzte eta autobus elektrikoak kargatzeko sistema bat erosiko dute Ficobarako–etorkizuneko bosgarren autobus linearentzat–.
Era berean, airearen kalitatea neurtzen jarraitzeko monitorizazio ekipora 90.000 euro bideratuko dituzte. Neurtze hau Emisio Baxuko Eremuaren bigarren fasearekin jarraitzeko erabiltzen ari dira.
Udal ekipamenduetan ere inbertsioak aurreikusi dituzte eta 75.000 euroko inbertsioa egingo dute. Hala, Udal Haur Eskoletarako bizi-lerroak, eta ikastetxeetako atezainentzako tresnak erosiko dituzte; piano eta akordeoi bana ere erosiko du udalak Musika Eskola eta Kontserbatoriorako. Landa zaintza zerbitzuarentzako tresnetan ere egingo dute inbertsioa.
Aldaketa honen bidez inbertsioa egingo duten gauzen zerrendarekin jarraituz, mugikortasun urritasuna duten pertsonentzako aulki bat eskuratuko dute. Aulki hau San Martzial Txingudi igerilekuetarako izango da.