“Euskara auzotzeko”, Larreaundi-Olaberriako Euskara Egunak
Euskara auzoan errotzeko hiru Euskara Egun antolatu ditu Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak. Hilaren 30ean, abenduaren 3an eta abenduaren 4an izango dira; auzo bazkaria hilaren 30ean egingo da eta tiketak salgai daude dagoeneko.
Hiru urte bete ditu Larreaundi-Olaberriako Euskara Batzordeak auzoak euskalduntzen, edota “euskara auzotzen”. Helburu horri segika, batzordetik ez ezik auzo elkartetik AEK-rekin batera ere ekimen ugari egin dituztela oroitu dute: euskara ikasteko eskolak; haurrentzako literatura taldea; auzo elkartearen komunikazioaren euskalduntzea; edota Korrika Eguna.
Batzordearen parte dira, Irungo AEK, Auzoko Aisialdi Taldea, Auzoko Haur Literatura Taldea, Eguzkitzako bi ikastetxeak, Irunabar Bertso Eskola, Larrea janariak, Ostomila Txotxongilo Taldea edota auzoko euskara ikasleak.
Gaurkoan abenduaren 3ari begira jarri dira; Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta auzoan hainbat egunetan zehar ospatzea erabaki dute. Auzokideak euskara erabiltzearen hautua egitera bultzatu nahi dituzte. Izan ere, bi auzoetan “estres linguistikoa” dagoela ondorioztatu dute eta ez da “oso atsegina”.
Auzoan bizi duten “talka” honek “norbere hizkuntzan bizi ahal izateko eskubidearen urraketa sistematikoarekin” lotuta dagoela azaldu dute. Euskaldunaren “arazo psikologikotzat” jo dute, auzi sozialaren gainetik. “Nola jardungo naiz dendariarekin? Eta nola parkean topatuko ditudan gurasoekin? Eta Auzo Elkarteko Asanbladan? Nola egin lehen agurra iritsi berri den bizilagunari? Eta batez ere… nola segi bueltan jasotzen dudana desairea bada? Horiexek dira euskaldun estresatu bat estutzen duten galdera motak”.
Euskararen aldeko jarrera sustatu nahi dutela berretsi du auzo elkarteak. Izan ere, hizkuntza gutxitu baten jabe izateagatik egunero euskararen alde egin behar dutela adierazi dute, hala nola, etxean, dendan eta plazan. Larreaundi-Olaberrian “euskaraz ez dakien bizilagun asko dagoen arren”, gehiago direla “belarrian eta mihian darabilgunak” ziur dira. Gehiengoa euskararen aldeko jarrera dutenak ere badirela gaineratu dute.
Aurtengo euskara egunak euskara dakitenei eta ez dakitenei zuzendutakoa da. Batetik, egunerokoa euskaraz egiten duen auzokide “tematiari”, bere jardun setatia ospatzeko egunak izango direlako; bestetik, euskaraz egin ez baina hizkuntzarekiko begirunea duen auzokideari, komunitatea euskalduntzeko aukera izango du, dantzatuz, abestuz eta bazkalduz. “Denon artean euskara sustraitu dezagun. Elkarrekin eta euskara lanabes hartuta, josi dezagun auzoa”.
Horren harira, auzo bazkaria antolatu dute hilaren 30erako Eguzkitza ikastetxean. Dagoeneko tiketak eskura daitezke 15 euroan helduentzat eta 10 euroan haurrentzat. Horiek lortzeko Antunez eta Olaketa ostatuetara, Larrea janariakera, edota auzo elkartera– goizez– gerturatu behar da. Menuaren hastekoa ensaladila pintxoa izango da, eta plater nagusia marmitakoa. Deserta, arroz esnea. Ondoren, bingoa egingo da.
Euskarak saria du kanpaina martxan jarri dute berriro ere. Auzoko komertzioetan lehen hitza euskaraz egite hutsarekin zozketa baterako txartela jasoko du bezeroak. Kanpaina hau abenduaren 4ra arte egongo da. Bestalde, kantu birako abestiak dokumentu batean jaso dituzte.
Hilak 30
Roberto eta Migel plazatxoan:
- 11:00etan: ongi etorria bertsotan.
- 11:15ean: euskarazko materialen bigarren eskuko azoka
- 11:15ean: haur, gazte eta helduentzako txapa tailerra.
- 11:50ean: euskararen aldeko txotxa!
- 12:30ean: kantu biraren hasiera auzoan barrena.
Eguzkitza eskola atarian eta lokal berrian (Virgen Milagrosa kalea):
- 14:00etan: bazkaria auzotarra.
- 16:00etan: bingoa.
Auzo elkartean (Iñigo de Loiola kalea):
- 17:00etan: Ostomilarekin haurrentzako txotxongiloak.
Eguzkitza HLHI:
- 18:00etan: txokolatada.
- 18:30ean: Larreaundi-Olaberrian euskaraz? ekitaldia.
- 18:50ean: buruhandiak.
- 19:30ean: Babarrunba euskal runba kontzertu ibiltaria.
Abenduak 3
Goizean auzoan zehar herri kirolak egingo dituzte Eguzkitza DBHko ikasleentzat.
- 16:45ean: Eguzkitza HLHI-tik kantu bira, haur gazte eta heldu elkarrekin abestu.
- 17:30ean: Auzoko lokal berrian (Virgen Milagrosa kalea) txokolatada.
- 19:00etan: San Juan plazan euskararen aldeko elkarretaratzea.
Abenduak 4
Larreaundi Olaberria auzo elkartera (Iñigo de Loiola kalea) haurrentzako ipuin kontalari bat gerturatuko da.